Bigarren urtez Arabako boluntario taldeak bazkide egun bikaina eskaini zigun GoiEnerrek sustatzen dituen baloreak ezin hobeto uztartuz.
Aurreko igandean, hilak 19, ehun bat bazkide eta lagun batu ginen Izki parke naturalaren muga mugan dagoen Okina herri ederrean.
Okina herri txikiak udal barrutiko berokuntza sistema abian jartzea lortu du bertako errekurtso naturalak eta sostengarriak erabiliz. Proiektua aurrera eraman zuen Koldo Monasterioguren ingeniariak eta bertako alkate eta proiektuaren bultzatzaile Mikel Polok zehatz-mehatz azaldu ziguten zertan datzan biomasa erabiltzen duen sistema hau. Kontzejuarenak diren bertako pagadietatik egur ezpalak ateratzen dituzte. Basoaren mantenu lana herritarrek beraiek auzolanean egiten dute nahiz eta espaltzea kanpoko enpresa baten bidez egin. Ezpalak ihartu ondoren dauzkaten bi galdaratan erregai gisa erabiltzen dira ura berotu eta sareko etxebizitzetara eramateko. Gaur egun 15 etxebizitza dira horrela hornitzen direnak baina sistema diseinatuta dago herri osora hornitzeko baita herria handituko balitz ere.
Haren instalazioak erakutsi, funtzionamendua azaldu eta gure galdera sortari erantzun ondoren Ayuda ibai ondotik Sasetaranzko ibilaldi laburra egin genuen pago ikusgarrien artean gure bazkide Eduardo Urartek herriaren kulturaz eta historiaz jakingarriak ematen zizkigun bitartean.
Itzulitakoan zaldi haragiz egindako haragi-bolak genituen zain “casa Victor” herriko tabernan ZALMENDIri esker http://zalmendi.blogspot.com.es/. Slow food Arabako partaide den Eduardok eta ZALMENDIko kide Victor Lopezek azaldu ziguten nola sortu zuten duela 7 urte moxal haragia ekoizten eta saltzen duen elkartea eta nola lehenesten duten salmenta zuzena.
Goizekoak eginda Mendiola herrira hurbildu ginen. Bertako herriaren etxean Jon Zabalak bazkaltzeko leku ederra atondua zigun. Bazkaria ere beste ekimen interesgarriaren erakusgarria izan zen Ortutik Ahora Eko-katering, alegia. https://ortutikahora.wordpress.com/. Ortutik Ahora irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da non ikuspuntu agroekologiko batetik elikadurari dagokion guztia lantzen duten. Elikadura, osasuna eta kontsumoaren inguruan kontzientzia berri eta kultura agroekologiko bat sortzeko beharra ikusten duten nekazari, sukaldari, nutrizionista eta hezitzaileek osatzen dute. Borondate eta aldarte onez lortu genuen arazo txiki bati buelta ematea. Bazkaltzera jende gehiago agertu ginen prestatuta zeukatenentzat baino.
Egun-pasa amaitzeko GoiEnerreko hainbat kidek orain arte egindakoak eta aurrera begira egitekoen berri eman ziguten hara hurbildutakoei.
Ezin agurrik esan hara joandakoei eskerrak eman gabe, eta, bereziki, antolaketan, prestaketan, koordinatzen, azalpenetan, sukaldean eta lanean ibili ziren hamarka lagunei. Guztiontzat zorionak eta eskerrik asko egun borobila eskaini zeniguten eta.