Astigarragako Udala, eraikin sendo eta zeremoniatsua. Egurrez jositako areto nagusia. Mahai inguruan 2-3 pertsona hizketan. Eserlekuetan, behean, jendea zain, ixilik.
Pixkanaka aulkiak betetzen doaz eta baita elkarrizketak entzuten ere, GoiEner-eko jendearen artekoa, eta elkarrekin joan direnen artekoa.
Herrikoi Astigarragako auzo elkarteko Joxe Mari Zubiarrainek hasten du saioa, banka etikoen inguruan egin zuten lehen hausnarketaren ondoren, gaur energia berriztagarrien eta kontsumo kooperatiben txanda da, bertako iniziatiba bat aurkezten da: GoiEner Kooperatiba.
Aurkezpena, herriko Xanti eta Lasarteko Joanes-en artean egingo dute. Jendea adi dago, zein bere eserlekuan.
Joanes hasten da: multimedia bitarteko aurkezpen baten bidez, energiaren inguruan egun darabilzkigun berriak dira hizketagai. Aldizkariek, komunikabideek, enpresariek darabilten inkoherentzia bistakoa da. Errealitatea gogorra: elektrizitatearen prezioak %69 egin du gora Espainian 4 urtetan, Europako igoerarik basatiena da.
Xanti-ren txanda: nola dago antolatua sektorea? Zein dira eragile nagusiak? Egin al liteke zeozer? Azalpenak oso zehatz ematen ditu Xantik eta jendeak adi entzuten du. (Zaila da, entzundako guztia gogoan izatea, eskerrak norbait bideoz grabatzen ari den! Berriro entzun eta ikusi nahiko nuke hau guztia, a zer datu zaparrada!)
Joanes-ek azaltzen du testuinguru honetan zer eta nola egin nahi duen GoiEner-ek. Txundigarria! Herritarrok, Europako beste lekuetan arrakastaz egin duten bezala, gure indar apurrak bil ditzakegu, eta gustuko dugun energia mota kontsumitzea erabaki. Eta ez hori bakarrik, baita energia sorkuntza berriztagarrien instalazioa bultzatu ere! Egun, 100 bat bazkide badira ere, 32 lagunen artean antolatu dute, gaur arte ikus dezakegun web orria, egin dituzten kontaktuak, komunikabideetan izan duten eragina… Benetan txalotzekoa!
Entzuleen txanda orain, galderak. Logikoena lehena: Posible al da hori? Erantzunak eta galdera berriak elkarren segidan, udal-aretoa utzi arte arnas hartu gabe. Entzuleek galdera zorrotzak egin dituzte, honen aldeko apustua egin aurretik, gauzak ongi aztertu beharra dago, eta aurkezleek hala egin dutela dirudi.
Irrifar laburrak eta ezagunen arteko solasaldiekin batera husten da aretoa. Gaur ere euria barra-barra. Biziak ura behar!