Aurreko apirilaren 19an, ostirala, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan “Mugarik gabeko ingeniariak” Gobernuz Kanpoko Erakundeak garapena, lankidetza eta teknologiari buruzko mintegi bat antolatu zuen. Bertan, Esnetik eta Dirurik Gabe-Trueke proiektuekin batera GoiEnerrek berea aurkeztu zuen.
GoiEnerren aldetik Joanes eta Eduardo izan ginen, eta, maiz gure hitzaldietan egiten dugun legez, saiatu ginen azaltzen estatuko sistema elektrikoaren funtzionamendua zertan datzan eta era berean, berau deszentralizatzeko eta demokratizatzeko eskura ditugun alternatiba eta proposamenak ere bai.
Merezi du aipatzea gizartetik bertatik sortutako bi ekimen eder, nahikoa gatz eta piperra dutenak.
Batetik, Esnetik, Bizkaiko EHNEn sortua, baserritarrek saltzen duten esneak prezio duina izatea bermatzeko… eta baserri eta esplotazio asko eta asko ixtea eragozteko!!!!
Esnetikek esnea ontziratzeaz gain, mota guztietako esnekiak ere egiten ditu, kalitatea eta baserritarrenganako hurbiltasuna bermatuz. Abeltzaintzako ustiategi txikitxoak bizirik mantentzea baino modu hoberik ez dago mendia zaintzeko…
Esnetikek, halaber, emakumeak eta gazteak (bestela ere nahikoa sektore zahartua eta gizonezkoz josia bada eta) baserritar munduan sartzeko ahalegin guztiak egiten ditu.
Bestetik, Dirurik Gabe-Sin Dinerok maiz zabortegietara eta erraustegietara botatzen ditugun zenbait artikuluren kontsumoa eta erabilera sustatzeko modua azaldu zigun.. Izan ere, zenbait eragile koordinatuta, azokak antolatzen ditu; bertan arte, musika, trukea eta bigarren eskuko merkatua batera izaten dira, baita hazkunde bideragarriaren eta denbora bankuen inguruko informazioa eman ere. Azken hau ekimen askoren inguruan gero eta interes handiagoa sortzen ari da..
Esan dezakegu GoiEner bera denbora banku handi abt dela, harik eta ekonomikoki independentea egin arte. Bertan, arlo guztietako profesionalak musu-truk ari dira euren zerbitzua eta ezagutza eskaintzen eta partekatzen helburu etiko bera lortze aldera.
Zalantzarik ez izan, mintegian parte hartu genuen 40 pertsona inguruk gozatu ederra hartu genuen bertan aurkeztu ziren proiektuekin.