Gipuzkoatik joan ginen Erramun, gure funtzionatzeko era ezagutu nahi duen bazkide berria, Alex eta Santi.
Lekua: Ekoetxea. Bilboko taldeak, Albertok batez ere, gela goitik behera prestatuta zeukan. Iritsi eta besterik gabe, lanera.
ENARAko Larak azaltzen du zertan eragiten duten sektore energetikoaren erreformek, egun indarrean daudenek eta aurrerantzean ezarriko dizkigutenek. Kontsumitzaileoi eragiten digute, gehiago ordaintzera behartuta gaudelako eta ekoizleoi egun martxan dituzten proiektuak bideragarriak ez direlako eta, ondorioz, etorkizuneko proiektuak ez zaizkie burutik pasatu ere egiten.
Kooperatibaren egungo egoeraren berri ematen dugu eta horrekin batera berehala hasiko garela bazkideekin kontratuak egiten, ba zen garaia! ENERPLUS eta BIZI bezalako mugimenduekin ditugun harremanen berri ematen dugu, azaltzen diegu urriaren 6an Baionan BIZIk antolatutako ALTERNATIBEN HERRIXKAra gonbidatuta gaudela eta parte hartzeko asmoa dugula.
Bazkide kopuruaren eboluzioa, egungo taldeen funtzionamendua.. izan ziren lehen hizketa gaiak.
Horrela lehen orduak ihes egin zigun. Gero galdera-erantzunak tartea zabaldu zen beste ordu eta laurden inguru. Bertaratutako 40 lagun inguruk galdera dezente egin zizkiguten: merkatu elektrikoari buruzko zalantzak, GoiEnerren lan egiteko modua, prezioak, irakurgailuak, nork irakurtzen du irakurgailua…
Hitzaldi-batzarretan aldaketa nabarmena antzeman dugu. Bertaratzen den jendea askoz ere jantziagoa da, informazio gehiagoren jabe da, arduratsuagoa, eta galderak askoz ere sakonagoak izaten ari dira. Uste dugu hori oso ona dela, jendea esnatzen ari da eta kritikoagoa da. Kontuan hartzeko balorea da.
12:15ean bota egiten gaituzte Ekoetxeatik. Pozik alde egiten dugu; izan ere, ikusten dugu buruz buruko ekitaldi hauek egin ahala, gero eta jende gehiago ari zaigula hurbiltzen.
Eskerrik asko denoi.