Irailaren 4an, Zumaian elkartu ginen lehenengoetariko bazkide batekin, Juan Carballorekin. Kanaria uharteetan jaio zen, baina Zumaiakoa da. Zumaian, besteren artean, GUASCOR fundazioan eta Guascor FOTONen abenturan hartu zuen parte.
Juanitok eskarmentutik bezainbeste du gaztetasunetik, eta betidanik izan du pasioa berriztagarrietarako. Azaldu digu orain dela hamarkada asko errekuntzazko makina elektrikoekin hasi zela eta gero berriztagarrietan sartu zela.
Urte batzuk dira Malagan bizi dela, eta Javier anaiarekin etorri zen guregana, hau da, Zumaiako Alfonso eta Uxue, Donostiako Gema eta Lasarte-Oriako Joanes bazkideongana.
Hona hemen nolako elkarrizketa egin genion:
1. Esazu nor zaren, Juan.
Juan Matías Carballo Berazadi nauzue, 1937ko martxoaren 11n jaioa (76 urte, beraz), Las Palmasko uhartean, Fuencalienteko faroan.
Zibilizaziotik urrun jaio nintzen; izan ere, gurasoak, ezkonberritan, hara bidali zituzten, eztei bidaian zeudela. Gure aita Itsasoko Seinaleen Mekanika Teknikaria zen, eta hura izan zuen lehen enkargua, oposizioak amaitu eta gero.
Sei urte bizi izan ziren uharte hartan, eta hantxe jaio ginen bi anaia.
Gero, penintsulara etorri ziren, eta bi urte egon ginen Salvorako uhartean, Galizian.
Atzera, Kanaria uharteetara itzuli ginen, Punta Rasca farora, Tenerifeko hegoaldean, eta han jaio zen anaietan hirugarrena.
Han, zortzi urte eman genituen (12 urte nituen nik orduan, eta Afortunadasko uharteetako haizearekin eta eguzkiarekin jolasten hasi nintzen).
Gogoan dut nola jolasten ginen periodiko paperez egiten genituen kometekin. Leiar lodiko betaurrekoekin, berriz, lupak egiten genituen, gero sugandilei isatsa erretzeko.
Nola pentsatuko nuen nik Kanarietan hain oparo diren bi energia horiek, eguzkiarena eta haizearena, gaur egun energia elektrikoa sortzeko erabiliko zirela?
Beste behin, lekuz aldatu ginen, San Emeterioko farora, han Asturiasen, eta han jakin nuen zer zen energia elektrikoa. Handik bi urtera, Zumaiara etorri, eta gurasoen azken geltokia izan zen huraxe.
2. Kontaiguzu zerbait zure laneko biziaz.
1950eko martxoaren 12an (14 urte eta egun bat nituen), Julian Egigurenen lantegira joan nintzen mutil, tornu mekanikoen fabrika batera. Handik hiru urtera, gutxi gorabehera, Otto Holkeren fresatze fabrikan hasi nintzen, ofizial. Garai hartan, asko ikasi nuen teknikoki; izan ere, lanetik kanpo, Arritokietako Lanbide Eskolan ikasten nuen, gauez, betiere Zumaian. Eta, 20 urte bete berritan, lantegiko buru jarri ninduten fabrika hartan.
1968an, Jose Maria Gutierrez Askunze jaunak Baoudin motorrak egiteko proiektuan sartzeko eskatu ninduen; Frantziako motor haiek ordurako Espainia guztian merkaturatzen zituzten.
Interdiesel marka sortu zuten, eta fabrika bat ipini zuten Oikian (Zumaian). Frantziako lizentziarekin hasi ginen lehenengo diesel motorrak egiten, batez ere arrantzontzietarako.
Handik hurrena, Guascor markarekin, barne errekuntzako zenbait motor klase diseinatu eta fabrikatu genituen, dieselak eta gasak zerabiltzatenak. Hemen hasi zen Guascor markaren zabalkunde izugarria.
“Purinak” lehortzeko kogenerazio fabrikak eraiki genituen. Zabortegietako gasa erabiltzen genuen, eta gauza asko egiten genituen, betiere energia fosilak energia termiko, mekaniko eta elektriko bihurtzeko.
Garai hartan, Europa guztian ibili nintzen, baita Japonian, Hego eta Ipar Amerikan eta Afrikan ere.
3. Gero goitik behera aldatu zenuen lanbidea…
1989an, Malagara joan nintzen, eta bizimodua aldatu nuen. Guascorrekin harremana gorde nuen, eta lagundu nien zenbait alditan eta proiektutan.
1992an, Sevillako Expoan izan nintzen, erakusketako multzo elektrogenoak instalatzen eta hango beharrei erantzuten.
Gero, Gasteizen aritu nintzen, Jundizko Enviroilen fabrika eta Miñaoko Parkeko I+G unitatea instalatzen.
Azkeneko, Ortuellako Guascor Foton eguzki panelak instalatzen egin nuen lan haiekin. Kontzentraziozko eguzki panel batzuk egin genituen Amonix Ipar Amerikako lizentziarekin.
Horixe da energia berriztagarriekin hasi arteko nire biziaren laburpena.
4. Haurtzaroan eta gaztaroan, nola zegoen energiaren gaia Espainian eta munduan?
Asturiasera etorri arte, 1948an, ez nuen jakin energia elektrikoa zer zen. Tenerife hegoaldeko Punta Rascako faroa azetilenoarekin eta petroliozko argiontziekin ibiltzen zen. Ez nuen munduko berri, eta ez dezaket ezer esan. Ez genuen ez egunkaririk ez irratirik.
5. Petrolioaren krisiek nola eragin zuten gizartean?
Ez dakit nola eragin zuten petrolio krisiek gizartean. Gogoan ditut 40ko eta 50eko buelta horretako elektrizitate murritzaldiak.
6. Nola hasi zen Guascor?
Jose Maria Gutierrez jaunaren sumari esker eratu zen. Otu zitzaion 200/500 bira minutuko motor geldoak 1500/1800 birako bizkorrengatik aldatzea. Horiek zuzenean erabil zitezkeen hurrenez hurren 50 eta 60 Hz-ko alternadoreekin.
7. Eta berriztagarrien zatiketa zergatik gertatu zen?
Guascorreko jabe berriek ikusi zuten berriztagarrietan zegoela etorkizuna, eta kontzentraziozko fotoboltaikoen alde egin zuten.
8. Zure ustez, nola dago energiaren gaia munduan eta Espainian?
Energiaren gaian, berriztagarrien alde ari dira mundu osoan. Hor dago, esaterako, Japoniaren politika.
Espainiari dagokionez, ez dago ezer esatekorik. Gure politikariak ez badira kapaz energia elektrikoaren sorreran lehen gaien prezioak alderatzeko (petrolioa, gasa eta ikatza eta eguzkia eta haizea) eta beste abantaila batzuk ikusteko, hauteskundeen zain egon besterik ez dugu, ea halakoren batean gobernabidea aldatzen den.
9. Zer dela-eta egin zinen GoiEnerreko bazkide?
Energías Renovables aldizkariko harpideduna naiz, eta ikusi nuenean Gipuzkoan kooperatiba berri bat zegoela, ez nuen dudarik egin. Uste dut 184. bazkidea naizela, eta nahi nuke Goienerren buru zaudetenak ez zorabiatzea. Badakit sekulako ahalegina egin behar dela horrelako gauza bat aurrera ateratzeko, baina oraingo honetan ere seguru naiz euskaldunon indarraz.
10. Zer espero duzu energiaren kontuan?
Oraingo politikoek utz diezaiotela konpainia elektriko handien laguntxo izateari eta egin dezatela energia berriztagarrien alde.
11. Esan nahi al duzu beste ezer?
Liburu bat gomendatu nahi nuke. Experiencias personales con energías renovables. Eólica, fotovoltaica y solar térmica du izena, eta Madrilgo Erkidegoko Energiaren Fundazioak argitaratu du.
Liburua eskatzeko pdf-a honako hemen deskarga daiteke.
Bestalde, aipatu nahi nuen instalazio fotoboltaiko txiki bat eta ura berotzeko termiko bat ditudala.
Bi atal dauzka eguzki energia aprobetxatzeko etxean daukadan instalazioak:
Eguzki energia termikoarena (etxeko ura berotzeko): instalazio txiki bat da; hemen ipini dizuet horren argazkia eta egitea zenbat kosta zen agertzen duen orria.
Energia fotoboltaikorako instalazioak, berriz, oinarrian zera ditu: Ingeteam markako bihurgailu edo inbertsorea; modeloa: Ingecom Sun 3.3, 4,3 kW-eko potentziakoa. Gadir Solarren panelak (silizio amorfodunak).