Madrilgo Amerika Etxean aurrera eramatekoa den goi-mailako bileraren kariaz, Eredu Energetiko Berria plataforma babesten duen “Merkataritza eta Inbertsio Transatlantikoaren Ituna Ez” delako kanpainak lehengo ekainaren 2an zenbait kolektibori (kontsumitzaileen elkarteei, talde feminista eta ekologistei, sindikatuei, kultura, elkartasuna eta giza-eskubideen aldeko taldeei) dei egin zion kale-agerraldia 13:00etan egiteko EB eta AEB-en arteko itunak izango duen eragina salatzeko. Gainera, itun hau gizartea jakinaren gainean jarri gabe negoziatzen ari dira.
Merkataritza eta Inbertsio Transatlantikoaren Itunak eskuen artean dituen gaietako bat zera da: fracking-i oztopo zaizkien babes legalak eta erresistentzia politikoak ezabatzea. Honen bidez, alde batetik, fracking-en arloan jarduten duten enpresei, Chevron eta abar, bide libre eskainiko litzaieke eta, bestaldetik, AEBn bertan fracking produkzioa eta EU-rako gas eta petrolio ez-konbentzionalen esportazioak AEBtik eta Kanadatik areagotzea. Honek besteak beste, ondoko ondorio larriak ekarriko lituzke: ingurugiroaren suntsipena eta inpaktu sozial larriak handitzea, erregai fosilekiko menpekotasun sakonagoa izatea, aldaketa klimatikoa bizkortzea eta aurrezte energetikoaren aldeko eta aldaketa klimatikoa saihesteko arautegi europarra ez betetzea.
Merkataritza eta Inbertsio Transatlantikoaren Itunak elikagai-segurtasuna kolokan jar dezake baita ondoko eskubide eta araudi hauek ere: nork bere datuekiko pribatutasunerako eta babesteko eskubidea eta ingurumenaren zaintzari, arlo sozialari eta lanari dagozkion araudiak. AEB eta EBko ehunka erakunde eta taldeek salatu dute itun hau negoziaziorako mahai gainean dagoela soil-soilik korporazio erraldoien, finantza-merkatuen eta industriaren interesak babesteko eta inolaz ere ez, herritarren interesak aintzat hartzeko.
Arestian aipaturiko erakunde eta talde sozialok Batzorde Europarrari aurpegiratzen dizkiote gardentasun falta eta negoziaziotan demokraziaren kontrako prozedura izatea. Izan ere, eremu sozialari, ingurumenaren zaintzari, eta lanaren erregulazioari dagozkion arautegien deuseztatzea ekarriko dituzte negoziazio hauek. Honen haritik ezin da ahaztu arautegi hauek ingurugiro eta gizateriarentzako berme-emaile direla.
Kanpaina: Merkataritza eta Inbertsio Transatlantikoaren Ituna Ez.