Aurreko apirilean gobernuak ezarritako fakturatze-sistimak merkaturatze enpresek egin beharreko doikuntzak egiteko uztailaren 1era arteko epea ezartzen zuen. Hemendik aurrera etxean kontsumitzen den elektrizitatearen truke ordaindu beharreko tarifek zenbait aldaketa izango dute.
Baina aldaketak zertan dautza? Hasteko bereizi egin behar da erreferentzia merkaturatze enpresaren batekin (begiratu hemen zeintzuk diren enpresok) kontratua duten kontsumitzaileak eta merkatu librearen bidez kontratatu dutenak. 10 kW tik gorako potentzia kontratatu duen kontsumitzaile orok merkatu librean behar du egon, halabeharrez.
10 kW tik beherako potentzia kontratatu duen kontsumitzaileak kontratua erreferentzia merkaturatze enpresaren batekin balu, hiruhilero Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzen zen aurreko Azken Baliabideko Tarifaren ordez (ABT) bi aukera izango ditu kontratatzeko: urteko tarifa laua edo Kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa (KTBP).
Zein izango da Kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren (KTBP) funtzionamendua?
- Elektrizitate fakturazio eredu berria konplexua da oso: elektrizitatearen prezioa aldatuz doa egunez egun eta orduz ordu. Ondorioz, kontsumitzaileak nekez jakin dezake aldez aurretik zenbat ordaindu behar duen. Kontsumitutako ordu bakoitzari tarifa bat ezarriko zaio, ordu guztietan ezberdina izango dena. Halere, praktikan hori gerta dadin hilabete dezente pasatu beharko dute (irakurgailu berria jarri beharko da, aipatutako neurketak propio egiteko irakurgailua). Hori dela eta, elektrizitate enpresek batez besteko prezio bat ezarriko dute; prezio hori kalkulatzeko kontratatutako tarifaren arabera aldez aurretik ezarritako perfil batzuetan oinarrituko dira.
- Faktura bakoitzeko termino aldakorra (energia terminoa) aldatzen joango da eta ez dugu jakingo aldez aurretik. Prezio onenak lortzeko xedean horrek merkaturatze enpresen arteko alderaketa ezinezkoa egingo du.
- Kontsumitzaileek ezarri zaien tarifa zuzena den jakiteko, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak prezio sistema berri honekin norberaren elektrizitate-fakturazioa simulatzen duen tresna bat jarri du bere webgunean: facturaluz.cnmc.es.
Informazio gehigarria: http://www.ocu.org/vivienda-y-energia/gas-luz/noticias/llega-la-nueva-factura
GoiEnerren tarifak: https://www.goiener.com/eu/tarifak/