Azaroaren 20an San Telmo Museoko mahai-inguruan, energia %100 berriztagarriko bi kooperatiba ezagutu genituen, biak Espainian eredu energetikoaren aldaketa bultzatu nahi dutenak:
Som Energia, 2010ean Gironan sortua. Gaur egun 17.00 bazkide ditu Espainia guztian zehar, horietatik 9.000 inguru Katalunian. Euskal Herrian bi zabalkunde-talde ditu, Energia Gara Navarra eta Energia Gara Euskadi. Gaur egun ia 20.000 kontratu kudeatzen ditu zentraletik.
Bestetik, Goiener, Ordizian kokatua. Som erreferentetzat harturik sortu zen 2012an tokiko ekonomia berriztagarria lantzeko helburu garbiarekin. Urtebetean bakarrik, merkaturatze-jarduera martxan hasi zenetik, eta Euskal Herrira bakarrik mugatzen dela kontuan izanda, 2.300 bazkide lortu ditu, ia 2.000 kontratu kudeatzen dituelarik.
Kooperatiba biek azpimarratu nahi izan zuten, alde batetik, erregularizazioaren bilakaera kaltegarria energia berriztagarriei dagokienez eta, bestetik, gaur egun instalazio berri bat martxan jartzeko dauden zailtasun handiak, ziurtasun juridikorik ezagatik. Are gehiago, komunikabideetan etengabe ikusten dugu nolako tratu onuragarria ematen zaien beste mota bateko energiaren alde egiten duten enpresei eta banaketa sareak dauzkatenei.
Biak dira Px1NME plataformako kideak eta, hortaz, filosofikoki hurbilak plataforma horrek erdietsi nahi duen helburuaren defentsan. Desberdintasunak, aldiz, agerikoak dira, hala nola, Somek duen sorkuntza gaitasuna, edo Goienerrek duen asmo sendoa toki-mailan zergak ordaintzeko eta lanpostuak sortzeko (dagoeneko 3 ditu), edo duen asmo sendoa beste eskualde batzuetan toki-mailan sortu nahi diren kooperatiben lagun izateko (euren kaxa jarduteko gai izan artean), Nosa Enerxia eta Enerplusen kasuan bezala.