Gure kooperatibako bazkideak zuen ezagutza handiagoa izan dezaten. Zer dira Ostatu upeltegiak?
Belaunaldiz belaunaldi aritu izan gara Sáenz de Samaniego familiako kideak mahastizaintzan. Izan ere, jarduera hau familiari XVI. mendeaz geroztik lotuta dagoela jasota dago. Matarredo auzoan, haitzetan zulatutak calao deritzoten lurpeko bodega zaharren auzoan, gure arbasoek ardoa egiteko erabiltzen omen zuten zuloak oraindik ere gure familiaren eskuetan dirau, eta hasiera batean guk ere erabili izan genuen.
Ardoak ekoizteko modua izan da gure aitonarengandik aurrenik, eta geroxeago, guraso ditugun Doroteo eta Mª Asuncionengandik ikasi duguna. Beraiek izan baitziren 60ko hamarkada amaieran familiaren negozioaren ardura bereganatu eta gaur egungo upeltegia eraiki zutenak beraien XVIII. mendeko ostatu-etxean.
Ardoa nahiz bizitza ulertzeko era zehatza dugu OSTATUn: bikaintasuna lortzeko gaurkotasuna eta iraganaren arteko orekan oinarritzen gara, eta moda iragankorrei muzin egiten diegu.
Ardogintza garapen iraunkorrarekin kontzientziatua dagoen arloa al da?
Neurri handi batean, bai. Eraikinak egiteko orduan, eraginkortasun energetikoa arautzat izateaz gain, gero eta arlo gehiago hartzen dira kontuan: uraren erabilera, hondakinen kudeaketa… Horrek guztiak dakarrena da: aurreztea, gure inguruarekin konpromisoa eta gure bezeroen eskaerari erantzutea. Izan ere, gure bezeroek, gero eta gehiago exijitzen dutenak, garrantzi handia ematen diote jarduera ekonomiko batek ahalik eta eragin negatibo izatea ingurumenarekin. Beste sektore batzuetara zabal daitekeen eskaera izango da.
Iraunkortasunaren aldeko konpromisoa dela eta, Ostatu upeltegikook duzuen kontsumo elektrikoa aldatu eta GoiEnerreko bazkide egitea erabaki duzue? Nola sortu zitzaizuen ideia hori? Zergatik GoiEner?
Auditoria energetikoa egin genuenean ikusi genuen bageneukala aukera gure eraginkortasun ekonomikoa hobetzeko, eta dezente hobetzeko gainera. Orduan GoiEnerren alde egin genuen, ez merkeena zelako, guk partekatzen genituen zenbait baldintza, balio erantsia ematen zutenak, betetzen zituelako baizik: energiaren iturri garbia eta berriztagarria bermatzea, bertako enpresa izatea, gure inguru sozial eta ekonomikoaren parte izatea. GoiEnerrek bezala, gu ere bertakoa eta inguruko entitateekin elkarlanerako sareak sustatzearen aldeko filosofiari lotuta gaude.
Aipatu dezakezue aldaketa egiteko orduan izan duzuen esperientzia?
GoiEnerrera aldatzea erraza izan zen oso. Lehenik eta behin egitasmoa zehatz-mehatz ezagutu nahi izan genuen eta behin bazkideen artean enpresan eta Udalak zeuden egitasmo serioa zela ikusita, konfiantza handia eman zigun. Kudeatze urrats guzti guztiak GoiEnerrek berak egin zituen, oso arin gainera eta gure eguneroko jardueran ez dugu inolako alderik antzeman.
Inguruko enpresak, bereziki ardogintzak dihardutenak, animatuko zenituzkete pausoa eman eta GoiEnerreko bazkide eginez, energia berriztagarrien aldeko apustua egitera?
Bai, jakina, egitasmoa ezagutzera animatuko nituzke eta urratsa ematera ekimen alternatibo eta libre batean parte hartze zuzena dakarrelako, aurrezte ekonomikoa eta eta bertako lurraldearen garapena ekarriko duen ekimen alternatibo eta librea.