Joan den azaroaren 2an, asteazkenarekin, GoiEnerrek bezeroei EAE eta Nafarroako bazkideei eskaintzen dien batzar informatiboa izan zen, Iruñean, Katakrak liburu-dendak hango Alde Zaharrean duen areto esanguratsu eta erosoan. Esker mila eman nahi dizkiegu berriro ere Katakrak bazkide eta kontsumitzaileari, eman dizkigun erraztasun guztiengatik
Bertaratu zirenen artean nagusi ziren bazkideak, baina gure kooperatibari buruz zerbait entzundako jendea ere bazen. Beste batzuk faktura eskuan zutela joan ziren, euren merkaturatzaileen agiriko xehetasunak ulertzeko laguntza bila.
Merkaturatzailea
GoiEner S. Coop. Kooperatiba-sozietatearen lehendakari Joanes Maizak datu esanguratsuenak eman zituen ezagutzera. Esaterako, ospatzeko datu gisa eman zuen 5.000 bazkideen muga berriki gainditu izana, bai eta kudeatutako energiaren fakturazio- eta bolumen-datuak ere, kasu bietan 2015eko emaitzak bikoiztea espero baita. Energia-bolumenari dagokionez, 2016ko urte amaierarako 22 GWh (gigawatt) kudeatzea aurreikusten da, eta fakturazioari dagokionez, berriz, 4 milioi euro. Horrekin batera, bazkide-langileen koadroa aurkeztu zen, gaur egun 12 pertsonaz osatzen dena.
Gero, hizpide hartu ziren barne-kudeaketarako tresna berriak, hala nola aurretiko fakturak kontsultatzeko plataforma (fakturen artxibo historikoa), kontratuak SMS bidez onartzeko aukera, etab.
Hitz egin izan da baita urriaren hasieratik hona elektrizitatearen merkatuan bizi den prezio-gorakadako testuinguru berria, zeinaren atzean dauden, batez ere, eguraldi antiziklonikoa eta Frantziaren eten nuklearra (herrialdeko zentralen herena gelditu dute). Horrek prezioen igoera txiki bat eragingo die merkaturatzaile guztiei, baita GoiEnerri ere; horren berri emango zaie formalki kontsumitzaileei ohiko bitartekoen bidez. Gai horrek eztabaida interesgarri bat piztu zuen sistema elektrikoaren inguruan, eta zenbait kontzeptu argitzeko balio izan zuen (kontsumitzaile, merkaturatzaile, banatzaile eta ekoizle kontzeptuak), aurkezpenetan baliatzen dugun sistema elektrikoaren eskemaren bitartez.
Kooperatibaren gorabeherak Nafarroan
Jarraian, Leitzako bazkide-langile berri dugun Maria Arretxek Goienerrek Nafarroan izan duen jardueraren berri eman du. Batez ere kooperatiba ekoizle berri baten jaiotza aipatu zuen –Nafarkoop Energia–, zeina urte hasieran inskribatu den, Foru Erkidegoan jatorri % 100ean berriztagarriko elektrizitatea ekoizteko asmoarekin.
Goienerrek Nafarroan dituen bazkide-laguntzaileak aipatu ditu (horien artean Berako Udala, Leitzako Udala eta Sakanako Garapen Agentzia), eta lurraldeko zenbait erakunde-eragilerekin izandako bileren berri eman du, CENIFER, Cederna-Garalur eta abarrekin.
Atal honekin amaitzeko, BioNavarra azokari buruzko informazioa eman zuen, non Goienerrek postu bat izan zuen asteburu osoan; gainera, igande goizean hitzaldi bat eman zuen Erika lankideak. Bazkide nafar ugarik aprobetxatu zuten aukera postura hurbildu, agurtu eta GoiEnerrekin duten esperientzia komentatzeko. Esker mila guztiei!
Goiener Elkartea
Elkartea helburua eta horretan izandako aurrerapenak azaldu ziren. Orain arte eratutako lantaldeak zedarritu ziren, eta animatu egin zituzten bertaratuak, nork bere apurra eman dezan. Berebiziko garrantzia eman zitzaion Goiener proiektua sustengatzeko Elkarteak (GOIENER ELKARTEAk) jorratzen duen lanaren ardatz jakin bati, GOIENER METODOLOGIArenari, alegia, zeinaren bitartez boluntarioak eta langileak egitura horizontal bat eta bakarraren baitan uztartu nahi den. Urriaren 29an Ordizian burutu zen Goiener Metodologiari buruzko II. Topaketaz hitz egin zen. Lagungarria izan zen bazkideek gaikako lantaldeetan izan dezaketen lan aktiboa planteatzeko modua aurkezteko modua. Funtsean, metodologia hau gure erakundearen erronka handi bat da kooperatibako bazkide, boluntario eta langileen artean energia-kulturako eredu berri bat planteatzeko asmoz.
Nafarkoop eta Energiarekin
Bi kooperatiba horiek eratu dira Nafarroan zein EAEn iturri berriztagarriko energia ekoizteko asmoz. Une honetan proiektuak aztertzen ari dira sorkuntza-taldeetan.
Saioak ordu eta erdi pasa iraun zuen, eta bertan galdera ugari egin zituzten bertaratuek, bereziki bi gairen inguruan: fakturaren osaera batetik, eta alderdi anitzen menpeko merkatuko prezioen hegakortasunari buruz.
Bazkide eta interesatuendako hurrengo informazio-batzarra Gasteizen izanen da, abenduaren 14an.
Deskargatzeko aurkezpena.