Pasa den urriaren 2an, asteartea, Goienerrek Donostiako bulegoa inauguratu zuen, nahiz eta uztailetik martxan egon. Bertara gerturatu ziren udal, probintzia eta autonomi erkidegoko ordezkari publikoak, bai eta eremu pribatukoak ere.
Hitzordua arratsaldeko 18:30etan zegoen jarria. Ekitaldira etortzeko izen eman zuten jende andana zela eta, bulegoan kabitu ezingo ginenez, taldekako bisita gidatuak egin genituen eta ondoren gure bulegoaren atzeko kalean dagoen Kaxilda liburutegi-jatetxean elkartu ginen, bazkide zahar, berri eta kooperatiba ezagutzera hurbildu zirenak.
Han, Joanes Maiza lehendakariak kooperatibaren ibilbidearen inguruko aurkezpen bat egin zuen eta ezberdinen artean zubiak eraiki beharraren garrantzia azpimarratu zuen. Bere ondoren, Olatz Azurza boluntario eta bazkideak, Goiener Elkartearen barruan boluntariotzak nola lan egiten duen azaldu zuen, bere jatorriak nola beste esperientzietatik abiatu diren, hein batean Goiener boluntario eskola bihurtuz. Azkenik, Santiago Ochoa de Eribe kooperatibako zuzendariak etorkizuneko erronketan egin zuen azpimarra.
Ekitaldi ofizialari azken ukitua emateko, Aitor Sarriegi Beasaingo bertsolari eta Goienerreko bazkideak bi bertso eder abestu zituen. Hortik aurrera etorri ziren bertaratuen arteko solasaldi eta Kaxildak prestatu zizkigun jan eta edatekoak.