Gure lehenengo Berdintasun Plana lantzen hasteko asmoz, Goiener S. Coop.-en prozesu partehartzaile bat martxan jarri dugu. Plan honen bitartez, gure kooperatiban berdintasuna bultzatzeko konpromezua erakutsi nahi dugu, baita gizartera begira egiten diren sentsibilizazio lanetan ere.
Plana 2019ko ekaina eta abendua bitartean gauzatuko da. Berdintasun diagnostikoarekin emango zaio hasiera planari prozesuaren lehenengo zati honetan.
Diagnostiko honek berdintasunaren egoera eta genero eta feminismoaren ikuspegiaren integrazio mailaren inguruko informazioa eskainiko du hurrengo maila hauetan:
- Goienerren politika eta kultura antolakuntza, kontuan izanda egiteko soziala, konpromisoak eta ekintza estrategia nagusiak.
- Bazkide-langileen lan prozesuen kudeaketa
- Parte-hartzea eta erabakiak hartzeko esparruak
- Gizartera zuzendutako komunikazioa
- Bazkideak eta bolondresak
Lan honek gure antolakuntzaren ustezko genero desberdintasunak identifikatzeko aukera emango digu, baita berdintasunaren arloan jardute egokiak eta aukera berriak identifikatzeko aukera ere.
Informazio biltzeko tresna ezberdinak erabiliko dira. Besteen artean, galdera-sorta bat prestatu da bazkide-langileek eta bolondresek bete dezaten ekaina eta irailean zehar. Talde lokaletan ere parte-hartzeko esparruak sortuko dira gaiaren inguruko hausnarketak eta eztabaidak ahalbideratzeko.
Urriaren amaieran diagnostikoaren emaitzak aurkezteko intentzioa daukagu eta modu horretan, hasiera eman emakume eta gizonen arteko Berdintasun Planaren lanketaren hurrengo faseari. Bigarren fase honetan, helburuei lehentasunak emango zaizkie eta ekintza estrategia nagusiak zehaztuko dira hurrengo lau urtetarako.
Gure Berdintasun Plana ondorengo printzipioetan oinarrituko da:
- Goiener proiektuaren konpromezuekin bat etortzea.
- Pertsona guztien parte-hartzea ahalbideratzea.
- Genero estereotipoak gainditzeko konpromezuen aldaketa bat bultzatzea.
- Emakumeen ahalduntzea bultzatzea.
- Genero ikuspegia transbertsala bilakatzea.
- Indarkeria matxistarik gabeko esparruak bultzatzea.
- Ikuspuntu eko-feminista eranstea.
EMAKUNDE – EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAk emandako diru-laguntzari esker burututako prozesu hau Berdintasun Taldetik dinamizatuko da eta Equipare Kooperatibaren laguntza izango du. Azken kooperatiba hau berdintasun alorrean aritzen den REAS Euskadiko kidea da.
Berdintasun Plan honi hasiera emateko, ekainaren 15ean larunbatean ekonomia feminista eta solidarioa eta erakunde bizigarrien inguruan aritu ginen Lan Talde Topaketan. Zaloak (REAS Euskadi) eta Evak (Equipare) dinamizatu zuten jarduera hau, non Goienerreko Berdintasun Plana nola gauzatuko den ere azaldu ziguten. Horretarako, kooperatibaren barruan feminismoaren egoera nolakoa den aztertzen hasi zinen, ikusiz Goiener sortu zenetik eta gaur arte zer nolako aurrerapausoak eman diren feminismoaren inguruan eta etorkizunean zer nolako kooperatiba izatera iritsi nahi dugun feminismoaren arloan.
Hortaz, edozein zalantza baduzue edo informazio gehiago nahi baduzue, Berdintasun taldera jo dezakezue.
Amaitzeko, ekimen honetan parte-hartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu, guztion artean kooperatiba berdinzaleago bat sortzen jarrai dezagun.