Geltoki proiektuaren inguruan sortu den Energia Foroak zine jasangarri ziklo bat antolatu du iraileko ostiraletarako. EnerZinema bezala bataiatutako ziklo honek lau pelikula eskainiko ditu dohainik Geltokiko leihatilen gunean ostiralero gaueko 21etan. Modu honetan, Geltokiko agenda berriz martxan jartzen da ikasturteari hasiera emanez.
Energia Foro honetan Geltoki Kooperatiba, Goiener, Som Energía-Energia Gara Nafarroa, E+P eta Greenpeace egon dira elkarlanean azkeneko hilabetetan. Hortaz, energia Foroak egungo eredu energetikoa auzitan jarri eta bestelako alternatibak badirela erakutsi nahi du martxan jarri duen lehenengo egitasmo honekin.
Lehenengo egunean, ostirala 6, “Before the flood” ikusteko aukera egongo da gazteleraz. Irailaren 13an “La Princesa Mononoke” eta 20an “Gure lurra, gure etorkizuna” proiektatuko dira, biak ere gazteleraz. Amaitzeko, 27an “Piztu aldaketa” ikusteko aukera egongo da euskaraz, azpitituluak gazteleraz izango direlarik. Saio bakoitzaren ondoren, ikusitakoaren inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko aukera izanen da.
Gainera, Emauseko Trapuketariek utzi dizkiguten berrerabilitako altzariez atondua egongo da espazioa eta Geltokiko tabernak “gastroZinema” menuan prezio berezia eskainiko du foroan parte hartzen duten eragileetako baten partaide izan eta ziklora hurbiltzen direnentzat: Eko Burger eta edaria 9 eurotan edota Eko Krispetak 2 eurotan. Beraz, Som Energia-Energia Gara Nafarroa, Goiener, E+P eta Greenpeace-ko bazkide bazara ez ahaztu zure faktura bat edo bazkide txartela erakustea.
Geltoki Proeiktua
Geltoki proiektuak elkartasunezko giza ekonomiaren promozioan, buruaskitasun ekonomikoan eta modu zabalean eta anitzean gizartearen ehunduran lagundu nahi duen ekimen bat da. Horretarako autobus geltoki zaharreko leihatilen gunea eta kafetegia erabiltzen ditu, 900 metro koadroko eremu zabala.
Leihatilen gunean arte zirkuito komertzialetik at dauden bertako artisten lanak sustatu, ikusarazi eta zabaltzeko balio du, eta bertan, euren adierazpen artistikoen erakusketak topatu daitezke. Baita enerZinema bezalako ekimenak aurrera eramateko esparrua ere bilakatzen da geltoki zaharreko espazio hau.
Bertan ere, ekonomia eredu alternatiboen edota elikadura burujabetzaren inguruko erakusketak aurkitu daitezke. Honetaz aparte, Geltoki bertakoak, ekologikoak, bidezko merkataritzakoak, artisauak eta berreskuratutako produktu eskaintza zabala duen salmenta gune bat du ere.