Ikasturtea hasi baino ez da egin eta motxila proiektuz gainezka dakarkigu, bueltan da GoienerBerri. Uda deskantsurako eta pilak kargatzeko sasoia izan ohi da, baina Goienerren ez gara geldirik egon!
Gaur bertan, urriak 24, Klima-aldaketaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela medio, Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldian izango gara, LKS Krean-ekoekin batera eta ingurumenaren gaineko eragina murrizteko neurriak izango ditugu mintzagai. Arratsaldeko 18:30ean Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren Iturripeko campusean izanen da. Animatu!
Irailarekin batera Goiener Elkartean berrekin diogu ohiko erritmo biziari eta Afrika bertaraino ere iritsi gara! Izan ere, zenbait bolondresek Madagaskar bisitatu eta Goiener aurkezteko aukera izan dute MADEEHI proiektuaren barruan. Zalantzarik gabe, aparteko esperientzia!
Halaber, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin aldi berean –irailaren 16tik 22ra bitartean– Mugikortasun Taldeak hitzaldi informatiboak antolatu ditu Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizen, iazko inkestetan jasotako emaitzak ezagutarazteko. Parte-hartze handia izan zuten hitzaldiek, mugikortasun iraunkorraren gaia Goienerren bertan sakon lantzen hasteko oinarriak ezarriz.
Eta bidaia eta hitzaldi artean, Mondragon Unibertsitateak antolatutako mahai-inguruetan parte hartzeko denbora ere izan dugu, enpresek eraldaketa sozialean duten erronkari helduz, baita Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Zarauzko 6. azokan egotekoa ere.
Gainera, urrian zehar, Berdintasun Plana lantzen hasi gara talde lokalekin, eta horretarako, tailer parte-hartzaileak antolatu ditugu lurraldez lurralde. Hurrengo asteak ere ekitaldiz beterik datoz; beraz, gure jarduerarik galdu nahi ez baduzu, gure egutegia kontsulta dezakezu edota sare sozialetan jarraitu gaitzakezu.
Goiener S.Coop.en ere ez dugu atseden gehiegi hartu eta joan den urriaren 2an lankidetza hitzarmena sinatu genuen Latxa Esnea Kooperatibarekin. Helburua: bi erakundeen arteko konpromisoa gauzatzea eta aurrerantzean elkarrekin lankidetzan aritzeko nahia azaltzea.
Santi Ochoa de Eribe Goiener S.Coop.eko zuzendariak, berriz, L’Escola de Som Energia jardunaldian parte hartzeko aukera izan du, Goienerren kooperatibismo eta gobernantza ereduaren inguruan izandako esperientzia partekatuz.
Nafarkoop kooperatibari dagokionez, udan Fagollagako zentral hidraulikora egin ditugun bisita gidatuez gain, Sorkuntzako gure proiektuak ezagutzera emateko aukera izan dugu, Eusko Ikaskuntzak azaroaren 4ean antolatutako “Herri Txiki Admientsuak” ekitaldian.
Guzti honetaz gainera aurreratu diezazuekegu denbora gutxi barru Sorkuntzako proiektu berriak abian jarriko ditugula. Ongi dakizuenez, Goiener Taldean garrantzitsua iruditzen zaigu herritarren parte hartzea sorkuntza banatuko proiektuetan; horregatik, orain ere, ekarpenak egiteko leiho berri bat zabalduko dugu hala nahi duten bazkide guztiek beren harri-koskorra jarri dezaten.Amaitzeko, jakinarazi nahi dizuegu REASeko Ekonomia Solidarioaren Azokan izango garela aurten ere, Bilboko Zabalguneko Merkatuan izanen da azaroaren 8an eta 9an. Anima zaitezte gu bisitatzera, aurten zerbait berezia prestatu dugu eta!
Oharra: ez ahaztu, asteburu honetan (larunbata 26tik igandea 27ra) ordua aldatuko dela; ordutegiak baldintzaturiko 2.0DHA edo 2.1DHA tarifa bat kontrataturik baduzue kontuan izan tarifen ordu tarteak ere aldatuko direla. Orain puntako tartea 12:00etatik 22:00etara izango da eta sakokuneko tartea 22:00etatik 12:00etara.