Gezurra badirudi ere, hilabete oso bat pasa da eta bueltan da GoienerBerri. Hilabete honetan ere albiste askorekin…
Goiener Elkartea eta bere bolondresak gelditu gabe ibili dira orain ere. Gauzak horrela, hilabetearen hasieran Mugarik Gabe antolatutako hiru hitzaldietan parte hartu dugu Donostian, Hernanin eta Lasarten. Hitzaldietan Espainiako transnazional batzuen lanak Mexikon eta Guatemalan eragiten dituzten ondorio sozioekologikoak eta gatazkak ezagutzeko aukera izan dugu, baita Goiener energia sorkuntza eta merkaturatzeko alternatiba gisa aurkeztekoa ere.
Dependentzia eta pobrezia energetikoaren gaiarekin jarraituz, Iñigo Antepara eta Santiago Ochoa de Eribe Bartzelonako “Trantsizio energetikoaren aldeko esperientzien eta praktiken nazioarteko topaketan” izan dira. Bertan entzun ahal izan dituzte arlo hau lantzen ari diren munduko leku ezberdinetako sindikatu, giza eskubideen aldeko elkarte, erakunde publiko eta GKE ezberdinen iritziak. Han bildutakoak baliagarri izango dira ziur Goienerreko Pobrezia Energetikoaren taldean aztertu eta lantzeko.
Bestalde, Mikel Libano, Elkarteko ordezkari gisa, Benjamín Tejerina EHUko soziologia iraskaslearekin bildu da. Tejerinak lankidetza-ekonomia du aztergai bere egunerokoan eta bazkideek Goienerrera hurbiltzeko dituzten motibazioak ezagutu ahal izan ditu lehen eskutik.
Urriaren amaieran, Goienerreko langileak eta bolondresak larunbat goiz polit bat pasatzeko aukera izan genuen Iruñeko Lan Talde topaketan. Bertan, Goienerren I Berdintasun Planaren diagnostikotik ateratako emaitza batzuk partekatzeko aukera izan zen, gero horien inguruan hausnartzeko denbora tarte bat hartuz. Gainera, taldeen arteko informazioa elkarbanatzeko aprobetxatu eta martxan jarriko diren lantalde berrien inguruko informazioa zabaldu genuen:
- Lurralde hedapena
- Gure aztarna ekologikoa konpentsatzen
- Lan harremanen eta sozietateen batzordea
- Udanbizi: ekimen energetikoak ezagutuz bizikletaz egiteko ibilbidea
Hilabete honetan, Goiener Elkarteko bolondresen laguntzaz, Bilboko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Festan, Basauriko Eko Azokan eta Ormaiztegiko Azak Soroan izeneko herri topaketan jarri ditugu informazio postuak energia berriztagarri eta Goiener Taldeko proiektuen berri emateko. Milesker zuen laguntzagatik!
Nafarkoopen, ikasturte berria aurrera doan heinean, autokontsumoaren inguruko hitzaldiekin bete-betean sartu gara, gure bazkideek erakutsi duten interesa asetu nahian. Obieta Elkarteak antolatuta, Bergarako San Juan auzoan eman diogu hasera hitzaldiei, energia berriztagarrien sorkuntzaz orokorrean eta autokontsumoa proiektuen inguruan hitz eginez.
Pasa den astearte honetan bertan, autokontsumoaren gaiari jarraipena eman diogu Sakanako hainbat herritan izango ditugun hitzaldiekin, zikloko lehenengo hau Lakuntzan izan da. Bertan, autokontsumoaren nondik norakoak azaltzeaz gain, etorri ziren pertsonen zalantzak argitzeko tartea ere izan genuen. Ekarri zituzten argindarraren fakturak jaso genituen, kasu bakoitzean autokontsumoa bideragarria izango den edo ez aztertzeko asmoarekin. Hurrengo hitzaldiak, Altsasun (asteartea 26) eta Irurtzunen (osteguna 28) izanen dira. Ez galdu aukera eta gogoratu zuen argindarraren fakturak ekartzea!
REAS NAFARROAk antolatutako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren hilabetean (#mESS) ere parte hartu dugu mahai informatibo batekin. Han, bertaratutakoekin autokontsumoaz hitz egiteko aukera polita izan genuen.
Goiener S. Coop.-i dagokionez, Arrasateko Udalari laguntzen hastera doa SHREC proiektu europarrean parte hartzen; H-Enea Living Lab, Mondragon Unibertsitatea eta Debagoiena 2030 Berrikuntza Plataformarekin elkarlanean. SHREC proiektuaren asmoa da karbono igorpen gutxiagoko eredu energetiko batera igarotzea, energia berriztagarrien bidez urratsak emanaz. Arrasateko Udalaz gain Europako (Frantzia, Italia eta Lituaniako) beste zazpi erakundek parte hartzen dute eta egitasmoaren iraupena lau urtekoa izango da.
Gure I Berdintasun Plana lantzen jarraitzen dugu eta hilabete honetan Talde Lokalekin partekatzeko aukera izan dugu, baita honen inguruan hausnartzekoa ere. Modu honetan, diagnostikoa borobiltzeko oso baliagarriak izan zaizkigun ideiak jaso ditugu eta hilabete amaieran aurkeztuko diogu plana Emakunderi.
Planaren inguruan Euskalerria Irratian solastatzeko tartea ere aurkitu dugu. Galdu baduzu, hemen entzuteko aukera daukazu.
Bestetik, asteburuan, Torrelavegan izan gara, Union Renovableseko beste kooperatibekin batera Estatuko Kooperatibismo Energetikoaren I Jardunaldian. Entzule gisa asko ikasteaz gain, Erika Martinez gure lankideak azaldu zituen kooperatibismo energetikoak komunikazioan eta markan dituen erronkak eta Olatz Arzuza bolondresak, aldiz, genero eta berdintasunean jorratu beharrekoak plazaratu zituen. Bikainak biak ere!
Amaitzeko, iragarri nahi dizuegu Chester proiektu europarrak posta zerrenda bat jarri duela habian. Dakizuenez Goienerrek iaztik parte hartzen du energia biltegiratu eta hornitzeko azterketa xede duen ekimen honetan. Alor honetan interesatua egon eta informazio gehiago jaso nahi izanez harpidetu zaitezkete helbide honetan: chester-project.eu/newsletter