Urteko lehenengo hilabetea hegan joan zaigu Goiener Taldean, geldirik egon ez garen seinale, seguruenik. Eta gaurkoan ere, egin ditugun gauza guztien berri eman nahi dizugu…
Nafarkoopetik horrenbeste eskatu diguzuen zerbitzua martxan jarri dugu: Autokontsumo zerbitzua. Duela pare bat aste komentatu genizuen bezala, Nafarkoopeko bazkideek energia elektriko propioa autokontsumitzen hasteko aukera dute jada, baina zein tamainako instalazioa egin? Ez kezkatu, Kooperatibak orain aurre-bideragarritasun ikerketa pertsonalizatu bat egiteko aukera zabaldu du bakoitzaren kontsumitzeko era eta hornidura puntuaren kokapenaren araberakoa.
Nafarkoopek, ikerketa hori eskaintzeaz gain, kooperatiban kolaboratzen duten instalatzaileekin harremanetan jarriko zaitu proiektua aurrera eraman ahal izateko eta instalazio fotovoltaikoarekin sortzen duzun eta autokontsumitzen ez duzun energia hori fakturan konpentsatuko dizu. Informazio guztia Nafarkoopeko orrialdean aurkituko duzu.
Autokontsumo zerbitzuaz eta aurki irekiko dugun ekarpen leihoaren berri emateko, gure lankidea Jokin Castaños Bilbo Hiria Irratiko Ibaizabal Magazinean izan da. Entzuteko aukerarik izan ez baduzu, hona hemen Jokini grabatutako elkarrizekta.
Elkarteak bere sentsibilizazio-jardueretan jarraitu du buru belarri azkeneko hilabete hauetan eta hitzaldiak eskaini ditu Bilbon, Iruran, Eskoriatzan eta Antzuolan. Azken honetan, Jubilatu eta Pentsionisten Elkartean izan ziren Faktura Elektrikoa ulertzeko tailer batekin. Bertan, bakoitzak bere faktura ulertu eta errespetuzko erlazioa erakusten duten kontratuak nolakoak izan beharko luketen argitzeko espazioa izan zuten gerturaturiko pertsonek, baita kontratatutako potentzia berrikusteko eta kontsumo ereduak aztertzeko aukera ere.
Langile eta bolondresak urtarrilaren 25ean Amorebieta-Etxanon izan ginen urteko lehenengo Lantalde Topaketan. Besteetan ez bezala, hitzaldi-tailer batetaz gozatzeko aukera izan genuen Javier Martinezen eskutik, bere hitzaldiaren hizpidea izan zen erakundeen baitako ezagutza. Jakituria eta ikastearen garrantziaren inguruan luze hitz egiteko aukera izan genuen, baita Goienerren nola ikasten eta kudeatzen dugun jakituria eta zeintzuk diren gure etsaiak ere hausnartzeko. Eta burua asko estutu ondoren, bazkaltzera sagardotegi batera joan ginen, totx eta txotx artean goizean entzundako eta ikasitako guztia gure artean partekatzeko. Egunari amaiera emateko, agroekologikoan ekoizten duen Ibarra baserria bisitatzeko aukera izan genuen.
RESCOOP.EUren gonbidapen bidez, Goienerrek Madrilen ospatutako Alderdien 25. Konferentzian (COP) parte hartzeko aukera izan zuen behatzaile bezala Eremu Urdinean. Santi Ochoa de Eribe izan zen bertan eta kronika (hausnarketa) polita egin digu egun horietan bizitutakoaren inguruan: ez galdu!
Bitartean, Goienerreko langile Alfonso Garcia klimaren inguruko Txileko gailur paraleloan izan zen, energiaren bueltan sortutako kooperatibismoaren inguruko hitzaldi bat ematen. Goiener eta Unión Renovables kooperatiben-elkarteari buruzko informazioa eskaintzeaz gain, Klimaren gaineko gailur paralelo horretan ospatutako beste hitzaldiak eta aurkezpenak entzuteko aukera izan zuen Alfonsok.
Arretako langileak urtarrilaren 24ean bildu ziren, bulegoko eguneroko lanak albo batera utzita, Goiener Taldean ematen dugun gertuko zerbitzua mantendu eta hura nola hobetu hausnartzeko; bazkide den Itsasoko Udalaren eraikinean izan zen bilera eta arratsalderako indarrak hartzeko bazkaria bertako ostatuan.
Goiener Taldean urtarrilean argitaratu genituen bi lan eskaintzen prozesuak aurrera jarraitzen du. Kurrikulumak jasotzeko epea urtarrilaren 31n itxi zen eta laster hasiko gara elkarrizketekin.
Bestalde, abenduan bi lankidetza-hitzarmen sinatu genituen. Ikastolen Elkartearekin lehena, ikastolek kontsumitzen duten energia elektrikoa %100 berriztagarria izan dadin eta, aldi berean, kontsumoa arrazionalagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Eta bestea, CISER-CENIFERekin, energia berriztagarrien inguruan lanketak egiteko eta goi-mailako zikloetako ikasleek Goienerren praktikak egiteko aukera izan dezaten ere.
Elhuyar Aldizkariak «Trantsizio energetikoan trabatuta» izenburua duen artikulu interesgarria argitaratu du. Tartean Santi Ochoa de Eribe Goienerreko zuzendariak aztertu du orain arteko trantsizio energetikoa nolakoa izan den eta etorkizunean nolakoa izan beharko lukeen. Izan ere, trantsizio teknologikoaz gain, trantsizio sozioekonomiko eta kultural baten beharra badugu gaur egungo gizarte honetan.
Aste bukaeran Berdeago Azokan izango gara Durangon, 31. erakustokian aurkituko gaituzue. Gainera, igandean goizeko 11etan «Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta emakumeei laguntza finantza etikoaren bidez» izeneko mahai inguruan parte hartuko dugu eta 13etan «Energia berriztagarrien sorkuntza proiektuak» hitzaldian.
Ez da gutxi orain artekoa, baina adi egon, seguruenik hilabete amaieran berri polit batekin izango baikara bueltan.