Armentia (Gasteiz), Argia (Fontellas), Laskorain (Tolosa), Andra Mari (Etxarri-Aranatz) eta Eleizalde (Bermeo) ikastolek Goiener Taldearen eskuetan jarri dute bere autokontsumoko proiektuak abian jartzeko ardura. Kooperatiben arteko ekimen honen helburua da energia sortzea modu lokal eta banatuan, ardatz nagusia herritarren partaidetza delarik.
Ikastetxeek autokontsumoaz baliatuz euren argindarraren faktura murrizteko aukera izango dute, eta, aldi berean, programa pedagogiko bat garatuko da ikasleak, familiak eta irakasleak energiaren, iraunkortasunaren eta eraginkortasunaren inguruan hezteko.
Lehendik ere energia % 100 berriztagarria merkaturatu eta sortzen duen Goiener Taldea izango da proiektu hau aurrera ateratzeko eta finantzatzeko arduraduna. Helburua lortzeko, ekarpen leiho berri bat zabaldu dute 400.000 euro inguru biltzeko asmoz. Parte hartzea irekia izango da bazkide guztientzako eta eredu energetikoa aldatu nahi dutenentzako.
Instalazio guztiak fotovoltaikoak izanen dira eta sarera konektaturik egonen dira soberakinei probetxu ateratzeko. Guztira 1800 m²ko azalera hartuko dute, urtean 410 MWh inguru sortuz, gutxi gorabehera 160 etxek adina.
Sare elektrikoan energia % 100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz gain CO2, NOx eta SOx emisioak murriztuko dira eta argindarraren garraioan eman ohi diren galerak ere bai, ondorioz 13.120 zuhaitzek urtean xurgatzen duten adina CO2 igortzea ekidinen da.
Ikastolak ilusioz beteta daude, eta espero dute beren proiektuek ikastetxe gehiago bultzatuko dituztela eredua jarraitzera, aberasgarritzat jotzen baitute beren ingururako, gizarterako eta ingurumenerako.
Goiener ere baikor agertu da «gure helburu eta balioekin guztiz bat datorren proiektua da. Ziur gaude oso harrera ona izango duela eta laster jarriko dela martxan».