Garai zail hauetan, zailtasunetan dauden bazkide guztiei fakturen ordainketan atzerapen bat eskatzeko aukera eskaintzen diegu.
Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioari joan den astean beste 70 merkaturatzailerekin batera helarazi genizkion eskaeren zati bat jasotzen duten zenbait neurri argitaratu zituen apirialaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofizialean. Barne egoera aztertu ondoren, eta 11/2020 Errege Dekretu Legeak eragindako aldaketekin, geldialdi horren ondorioak gainditzen lagunduko diguten neurriak hartzeko beharrezko baldintzak ditugu orain.
Kooperatiba gisa, uste dugu bidezkoa dela guztiok aukera hau izatea, izan enpresa edo izan partikular. Salbuespeneko egoera bizi dugu; egun hauetan argi geratu zaigu, inor atzean utzi gabe bertatik irteteko bide bakarrak elkartasuna eta norberaren erantzukizuna direla.
Goienerretik ere elkartasun eta erantzukizun balio horiekin bat egin nahi dugu. Neurri horiek modu arduratsuan erabiltzen baditugu, gehien behar dituztenei bideratu ahal izango dizkiegu baliabide ekonomiko eta kudeaketa ahaleginak. Gauzak horrela egitea gainera, eskaeren kudeaketak aurrera aterako dituzten lankideen lana errespetatzea da; hau dena posible egiten duten lankide hoiek babesteko modu polita, talde bateko kide garela barneratuz, kooperatibista izateak dakarren erantzukizuna ulertuta. Beste edozein jarrera edo erabaki, guztion teilatura harriak botatzea litzateke, norberarenera barne.
Argibideak eman ditugu, gure taldeak eskaerei eta sor daitezkeen zalantza guztiei ahalik eta arinen erantzuteko eta kasu bakoitzean aukerarik onena aholkatzeko.
Goienerreko partaide guztiei eskerrak emanez amaitu nahi dugu; gogoraraziz aurrera aterako garela, eta garrantzitsuago dena, elkar hartuta aterako garela, abantean!