Goiener Taldean langile gehienok etxetik lanean jarraitzen badugu ere, azken hilabetean gauzak «mugitzen» joan dira eta berri askorekin dator gaurkoan GoienerBerria. Lehenengoa eta pozez betetzen gaituena, Goiener S.Coop.-en 12048 bazkide garela, Nafarkoop – Sorkuntzan 798, Elkarteak jada 200 bolondres biltzen dituela, 37 bazkide-langile garela eta 84 udal eta kontzejuekin lanean ari garela. Zenbaki politak alajaina!
Ekainaren 1ean gure bulego guztiak ireki genituen berriz. Desinfekzio eta protekzio neurriak bermatzeko, derrigorrezkoa da bulego batera joan aurretik telefonoz hitzordua hartzea. Maskara ere derrigorrezkoa da bulegoetan sartzeko. Hala ere, telefonoz edo mail bidez kudeaketa guztiak egiten jarraitu dezakezu bulegotara hurbiltzeko beharrik gabe.
Bestetik, pasa den hilabetean, Egunean Behineko babesle izan ginen eta aste horretako irabazleek (Ameku eta Schulz jaunak) Fagollagako zentralera bisita gidatuaz eta bazkari batez gozatzeko aukera izango dute. Jakin, badugula Goienerreko bazkideen arteko Egunean Behin taldea. Parte hartzeko, aplikazioko Taldeen atalean AFA57D kodea sartuz taldera batuko zara. Animatu!
Gainera, azkeneko hilabete honetan ere, Hizkuntza Planaren lanketari ekin diogu Elhuyarreko teknikarien eta Batzorde Teknikoaren artean egindako lehen bilerarekin. Hurrengo urratsa Hizkuntza Batzordea osatzea eta euskararen erabileraren eta presentziaren diagnostikoa egitea da. Horretarako galdetegi bat bidali da Goienerreko bolondres eta lankide guztiei euren iritzia ezagutze aldera.
Ekainaren 6an Goienerreko Batzar Orokorra ospatu genuen. Aurtengo egoera dela eta, Batzarra online egin behar izan genuen eta streaming bidez jarraitu ahal izan zen. Bozkaketa ere modu telematikoan egin behar izan genuen eta bozketan parte hartu zutenek puntu guztiak onartu zituzten. Bazkideen parte-hartzearekin oso pozik bagaude ere, urtearen bigarren seihilekoan presentzialki beste Batzar bat ospatzeko asmoa daukagu, elkar ikusi eta (mahai baten bueltan) elkarrekin egun eder bat pasatzeko.
Goienerrera aldaketa egiten duten udalak gero eta gehiago dira eta oraingoan Lesaka eta Villabonako Udalek eman dute urratsa. Ongi etorriak biak! Lesakako Udala Goiener eta Nafarkoop kooperatibetako bazkide egin da, udal batzarrean aho batez hartutako erabakiaren ondorioz, eta esku artean dituen zenbait proeiktuetan aholkularitza emango zaio Goiener Taldetik. Villabonako Udalaren kasuan, Goienerrek irabazi du esleipen prozesua eta bi urteetako iraupena izango duen kontratua sinatu du udalarekin.
Amaitzeko, jakin ezazue Europako proiektuek (WHY, POWERPOOR, CHESTER, BECOOP) sortutako beharrei erantzuteko martxoan abiatu genuen lan eskaintza prozesua amaitu dugula eta aurki hasiko direla gurekin lanean, Chris proiektu europarren kudeatzaile gisa eta Aitor pobrezia energetikoko teknikari gisa. Ongi etorri familia handi honetara!
Ekainaren 6an Nafarkoopeko Batzar Orokorra ospatu genuen, Goienerreko Batzarraren aurretik, eta hau ere streaming bidez jarraitu ahal izan zen. Online gauzatu genuen bozketa ere eta parte-hartu zutenek puntu guztiak onartu zituzten. Eskerrak baino ezin ditugu eman bazkideek emandako erantzunari eta espero dugu laster beste Batzar bat egiteko aukera izatea, hau ere aurrez aurre noski.

Gauzak modu presentzialean egin ezin diren garai hauetan, streaming bidezko hitzaldiak oso modan jarri dira eta Goienerreko langileak eta bolondresak hauetan parte-hartzen hasi gara. Gauzak horrela, Eider Murgoitiok eta Leire Donazarrek REASen #FESStaEtxetik ekimenean parte hartu zuten energia berriztagarriak, pobrezia energetikoa… eta beste horrenbeste gai jorratuz.
Oier Etxebarria bolondresak, aldiz, BIOTERRA fest ekimenean parte hartu zuen autokontsumoaren inguruan hitz eginez. Eta, Claudia López de Viñaspre, langileak, eta Aitor Hernández, bolondresak, energia berriztagarriak eta elektrizitatearen tarifa-sistemaren inguruko hitzaldi bat eman zuten Etxe Berdeak proiektuaren barnean.
Streaming bidezko hitzaldi hauekin bukatzeko, Santi Ochoa de Eribek azaldu zuen Goiener zer den eta bere zeregina energia-trantsizio prozesuan zein den, Tecnaliak antolatutako «Ekintza kolektiboko ekimenak energia-trantsizioan» izeneko jardunaldian.
Bestetik, aurreko hilabetean Goienerreko bolondresari Oier Zenigaonaindiari oso elkarrizketa interesgarriaegin zioten Noticias de Navarra egunkarian. Bere momentuan irakurtzeko aukera izan ez bazenuen, hemen daukazu elkarrizketa osoa. Benetan irakurketa gomendagarria!

Amaitzeko, Goiener Elkarteak beste 200 erakunde baino gehiagorekin batera, Energiaren Kartari Buruzko Ituna bertan behera uztea eskatu du, ingurumen eta gizarte-politikak defendatze aldera.

Hilabete hau albistez lepo etorri da, baina hurrengoa ere antzekoa izango delakoan gaude, proiektu asko ditugu esku artean eta.
Bitartean, zaindu zuen ingurukoak eta zuen buruak.
Laster arte!