Kaixo bazkideak
Konturatzerako joan zaigu uda honetako hilabete bat eta gehienek abuztuko oporrak hartu aurretik ez genuen GoienerBerri hau bidali gabe utzi nahi, gurean uztailak ere eman baitu berea.
Udan emaitzak jasotzeko udazkenean hasi ginen lanean, orduan sinatu baikenuen Latxa Esnea Kooperatibarekin elkarlanerako hitzarmena. Bide horretatik eta beste zenbait erakunderekin batera Latxa Energy proiektuari hasera eman diogu orain; helburua, gaztandegien kontsumo-puntuetan energia-sorkuntzari ekin eta energia-eraginkortasuna hobetzen saiatzea. Proiektuari buruzko informazio gehiago esteka honetan.
Sorkuntzarekin zerikusia duten proiektuekin jarraituz –nahiz COVID-19ak sortu duen egoerak piska bat atzeratuta– instalaturik daude Etxarri-Aranazko Andra Mari, Tolosako Laskorain eta Gasteizko Armentia ikastoletan plaka fotovoltaikoak Nafarkoopeko bazkideen egindako ekarpenekin. Hauen atzetik etortzear daude Bermeoko Eleizalde eta Fontellaseko Argia. Guztien artean ekidingo dira urtero ia 4000 zuhaitzek xurgatzen duten adina CO2 igorpen. Proiektu osoari buruzko informazioa hemen.
Bestalde, jakingo duzuenez ekainaren amaieran beste lau lanpostu betetzeko lan eskaintza abiatu genuen Goiener Taldean. Arretarako bi langile, informatikari bat eta energia planifikatzaile bat. Prozesua elkarrizketa fasean da eta uda amaieran 41 langile izango gara. Zalantzarik gabe Goienerreko bazkideak ekonomia lokala bultzatzen ari gara bertan lanpostuak sortuz.
Goiener Taldeaz eta bere egoeraz udako oporretan zure lagunekin hitz egin eta Goienerreko bazkide izateko konbentzitu nahi badituzu gomendatzen dizugu Naiz Irratian Xabier Lozano lankideari egindako elkarrizketa. Bertan argi eta fin azaltzen baititu Goiener Taldea eta merkatu elektrikoaren nondik norakoak.
Goiener Elkarteari dagokionean Udanbizi txirrindulari bira datorren urteko udarako uztea erabaki dugu. Egoerak behartuta astebeteko bira izan behar zuena asteburu batera murriztu genuen haseran. Baina azkenean bira pasatzera zijoan eskualdeetako COVID-19 kasuen gorakada zela eta erabaki dugu bira bere osotasunean datorren urtean egitea.
Txirrindularitza eta mugikortasunaz ari garela, Goiener Elkartean haseratik interesatu zaizkigu kontu hauek, badugu horretan aritzen den lantalde bat eta mundu honetan dabilen Eusko Car Sharing elkartearekin hitzarmen bat sinatua ere bai. Biak ala biak sinistuak gaude autoak gutxitu beharko genituzkeela, orain euren Ibilkari ekimena Donostialdera ere zabaldu dute. Beraiei esker ibilgailuen erabilpen partekatu eta kolektiboa egin ahalko duzu diru irabazirik gabeko elkarte baten bidez. Mugikortasunean ere aldaketa egitea gomendatzen dizugu.
Amaitzeko ez ditugu aipatu gabe utzi nahi Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Gizarte Foroko bi webinar interesgarri. Unión Renovables-ek antolatu zituen Goienerreko bolondresen laguntzarekin. Ikusgai dituzue sarean:
- «Energiari eta komunitateari buruzko elkarrizketak Latinoamerikan»
- «Energia komunitateak, ekonomia sozial eta solidarioaren ikuspegitik»
Gozatu udaz, zaindu zuen ingurukoak eta zuen buruak.
Laster arte!