Goiener Taldean Goiener Sarea izeneko ekimen berria jarri dugu martxan gure web gunean. Bertan kooperatibako bazkide diren erakunde eta negozioen oinarrizko informazioa bildu dugu mapa interaktibo batean.
Mapa merkaturatzailearen orrian egongo da edozeinek aukera izan dezan kontsultatzeko zeintzuk diren Goienerreko negozio eta erakunde bazkideak. Izan ere, gure helburua bazkideei ikusgarritasuna ematea da, guztion artean sare sendo bat sortzeko bidean.
Goiener Sarean negozioak eta erakundeak euren jardueraren arabera daude banatuak atal ezberdinetan: hezkuntza, ostalaritza, elikadura, mugikortasuna, komunikazioa… eta erabiltzaileak kokapenaren bidez edota izenaren bidez bilatzeko aukera du. Gauzak horrela, negozio eta erakunde bakoitzak bere oinarrizko informazioa biltzen duen fitxa propioa dauka ikusgai.
Goiener Sarea sortzeko ideia konfinamendu garaian iritsi zen, Goiener Taldean gure bazkideak negozioak aurrera ateratzeko edukitzen ari ziren zailtasunak ikusi genituenean. Orduan konturatu ginen ideia ona izan zitekeela bazkideen negozioak nolabait Goienerreko gainontzeko bazkideei erakustaraztea, zerbitzu eta behar baten aurrean, Goiener Sarearen barruan beharra asetzeko asmoz.
Ekimenak harrera ona izan du bazkideen artean eta jada 161 negozio eta erakundek eman dute izena.