Ikasturte berria aspaldi hasi da eta oraindik ez duzu gure berririk izan ezta? Horregatik oraingoan ere GoinerBerri albistez beterik dakarkizugu. Gozatu!
Udan zehar Ikastoletako instalazio fotovoltaikoen muntaiak egin ditugu eta jada martxan dira guztiak, hau da, %100 berriztagarria den energia kontsumitzen ari dira 5 ikastoletan. Ikastolen sarreretan kokatutako monitoreetan panel fotovoltaikoen monitorizazio datuak kontsultatu daitezke. Hona hemen Argia Ikastolakoa:
Uztailean Latxa Energy proiektua abian jarri zuten Nafarkoopen parte hartzearekin. Kerixara eta Etxezuri gaztandegiekin hasi den proiektu honen helburua Idiazabal JIB gazta egiten duten gaztandegien jasangarritasuna ebaluatzea izango da, artaldearen esnetik abiatuta, Bizi Zikloaren Analisi (BZA) metodologiaren bidez eta arreta berezia jarriz gaztandegien energia-kontsumoari, kontsumo-puntuetan energia-eraginkortasuna eta sorkuntza hobetuz, eta bide batez, ingurumen-aztarna ere murriztuz. Nafarkoopen ardura izango da ustiategietako datu-bilketa egitea, beste instalazio batzuetan ere ezarri daitezkeen hobekuntza-neurriak aurkitzeko asmoz.
Proiektu honen inguruan EITBko Sustraia programak erreportai oso mamitsua aireratu du Keixara gaztandegira egindako bisitan eta Jokin Castaños lankideak azaldu du Nafarkoopek proiektuan izan duen parte hartzea. Ez galdu!
Irailak 25ean Nafarkoopeko Aparteko Batzar Orokorra egin genuen Errektore Kontseilua berritzeko asmoz. Batzarraren aitzakiaz fisikoki elkarrekin egoteko gogoa bagenuen ere, zegoen egoera kontuan hartuta telematikoki egitea izan zen aukera egokiena. Kontseilu Errektoretzarako 13 hautagai aurkeztu ziren 10 postu osatzeko eta 360 punturekin, Miren Olaetxeak berritu zuen bere lehendakari kargua, Ane Garavilla bolondresa (Goiener S.Coop.en izenean) lehendakariorde aukeratua izan zen eta idazkaritzarako Goienerreko langile Alazne Arruti (Goiener Elkartea ordezkatzen). Gainontzeko hautatuak hemen kontsulta ditzakezu.
Goiener Elkarteak ere erritmo bikainarekin hasi du ikasturtea eta iraila hasieran bertan IRSE ARABA eta Goiener Elkartearen arteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Elkarrekin lan eginez eta ekintza ezberdinen bidez, bi erakundeek hobetzen lagundu nahi dute pobrezia energetikoa bizi duten pertsona eta familien bizi kalitatea.
Irailaren hasieran ere, POWERPOOR proiektu europarra martxan jarri zen. Gure lankide Aitor Ossa izango da proiektu honetan buru belarri ibiliko dena, non Goienerrez gain Europako beste 13 erakundek ere parte hartzen duten. Proiektu honi esker 8 herrialde pilototan pobrezia energetikoa pairatzen duten pertsonak laguntzeko neurriak hartuko dira, baita pobrezia energetikoari modu ezberdinetan aurre egiteko tresnak diseinatu ere. Azken honetan Goienerrek zeresan handia izango du kooperatiba nahiz komunitate energetikoen ikuspegia txertatuz.
Duela pare bat aste aurreratu genizuen gisan, azaroaren 14ean «Energia Soziala III. Jardunaldia» ospatuko dugu, online izanen da goizeko 10:00etatik 14:00etara. Aurreko urteetan bezala, jardunaldi honek energiaren alderdirik sozialena aztertu eta eztabaidatzea du helburu, eta horretarako, esparru ezberdinetako adituak gerturatuko zaizkigu. Jardunaldian parte hartzeko plazak mugatuak izango dira eta bazkideentzat erreserbatuak daude. Beraz, jardunaldia jarraitzeko asmoa baduzu, inprimaki hau betetzea eskatzen dizugu. Adi, jada bazkide askok izena emana dute eta!
Ikasturtea hasi zenetik azoka ezberdinetan parte hartu dugu, eta hitzaldiak ere eskaini ditugu han eta hemen. Ezin danak apaitu, baina bihotzez eskertu nahi ditugu parte hartu duten bolondres eta langile guztiak, euren denbora eskaintzeagatik. Mila mila esker guztioi!
Bide batez, aukera aprobetxatuta, bidaltzen dizuegu Alex López bolondresari Bioterran egindako elkarrizketa laburra, faktura elektriko berriaren ingurukoa. Motza, baina mamitsua! Gozatu!
Pasa den irail honetan Goiener Sarea mapa interaktiboa ere argitaratu genuen. Bertan kooperatibako bazkide diren erakunde eta negozioen oinarrizko informazioa biltzen ari gara, edozeinek aukera izan dezan ezagutzeko Goienerreko bazkideek zer eskaini dezaketen. Gure helburua: bazkideei ikusgarritasuna ematea eta denon artean sare sendo bat osatzea. Eta pixkanaka pixkanaka lortuz goaz, dagoeneko 275 sarekide baikara.
Zuk ere Goiener Sarean eskaintzeko zerbitzu bat baldin baduzu, idatzi jakinarazpenak@goiener.com helbidera eta bertan azaltzeko jarraibideak emango dizkizugu. Anima zaitez Goiener Sarean parte hartzera!
Eta Goiener Sareaz ari garela, gehiago jakin nahi baduzu, entzun Leire Donazar lankideak Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazan saioan eman zituen azalpenak. Ez galdu!
Bestetik, Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sarea abiatu daeta bertan Goienerrek energia berriztagarriko komunitateei ekingo die, beste proiektuen artean. Debagoiena sare honen helburua da 2050erako Debagoiena eskualde adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izatea. Horretarako hamahiru erakunde elkarlanean arituko dira, tartean Goiener Taldea.
Pasa den astean, Goiener S.Coop.eko Aparteko Batzar Orokorra ere egin genuen. Bertan kooperatibako Errektore Kontseilua berritu eta Esatutu Sozialen moldaketa onartu genituen, %98,8a ados azaldu baitzen Estatutuetan proposatutako aldaketekin. Errektore Kontseiluari dagokionez, Erika Martínez lehendakari izendatua izan zen, Arantza Sáenz de Ugartek lehendakariorde karguan jarraituko du eta Alfonso García idazkari lanetan arituko da. Kontseilu Errektorea zein kidek osatzen duten ikusi nahi baduzu, hona hemen zerrenda eta bakoitzak beteko duen kargua. Zorionak guztioi!
Amaitzeko, jakin azken hilabeteetan Goienerren 6 langile gehiago hasi direla lanean: Ander Olazabalaga, Itsaso Irastorza, Aimar Diaz, Chris Merveille, Aitor Ossa eta Oier Etxebarria. Ongi etorriak denak! Eta bide batez aipatu zabalik dugula lan eskaintza deialdi berri bat ere: Energia termikoko teknikari baten eta finantza teknikari baten bila gabiltza. Eskaerak egiteko epea azaroaren 1ean amaituko da, beraz izena eman nahi baduzu, azkar ibili!