Atzo, urrriak 22, Goienerreko Batzar Orokorra egin zen kooperatibako Errektore Kontseilua berritzeko eta Estatutuen moldaketa bozkatzeko. Hasiera batean Batzarrean fisikoki elkartzeko gogoa bazegoen ere, egungo egoera kontuan edukita ekitaldia telematikoki izatea erabaki genuen.
Ekaineko Batzarrean bezala, Olatz Azurzak egin zituen moderatzaile eta gidari lanak eta Joanes Maiza lehendakariaren hitzek eman zioten hasiera Batzarrari. Maizak bere lehendakari kargua berritzeko aurkezten ez zenez, Goienerren barruan egindako ibilbidea errepasatzeko eta agurtzeko probestu zuen momentua.
Kontseilu Errektorean zeudenetatik bost lagunek jarraitzeko intentzioa adierazi zutenez, beste bost pertsonek kargua utzi eta hauek berritzeko bozkaketa gauzatu zen Batzarrean. Kontseilu Errektorea 7 bazkide-kontsumitzailek, bazkide-laguntzaile 1 eta 2 bazkide-langilek osatzen dute, beraz bozkaketa hau kontuan izanda egin zen. Hurrengo egunetan Kontseilu Errektore berria bilduko da eta erabakiko ditu esleitu gabeko karguak zeinek beteko dituen, horien artean Lehendakaritza eta Idazkaritza karguak esaterako. Oraingoz ziur dakiguna da Kontseilu Errektore berria nortzuk osatuko duten:
Errektore kontseilua berritzeaz gain, Naroa Elortza langileak kooperatibako Estatutu Sozialetan egingo diren moldaketak azaldu zituen, esaterako, hizkuntza inklusiboaren txertaketa estatutuetan. Moldaketa hauekin gainera, 11/2019 Kooperatiben Legera egokituko gara eta azken urteotako ibilbidean barnera begirako behar berriak aintzat hartuko ditugu. Azalpenak amaituta, bozkatzeko momentua iritsi zen, eta %98,8ak aldaketen alde bozkatu zuen.
Beste behin ere, Olatzek itxiera eman zion Batzarrari pantailaren beste aldean zeuden guztiei eskerrak emanez, zuek baitzarete Goiener taldearen oinarri eta helburu. Espero dugu hurrengo urtean presentzialki egiteko aukera izatea, elkar ikusteko aukera izanik.
Eguneraketa (2020-10-22)
Kontseilu Errektore berria urriaren 22an (osteguna) bildu da, eta bazkide guztiei jakinarazi die organo hori nola geratuko den aurrerantzean:
Lehendakaritza: Erika Martínez.
Lehendakariordea: Arantza Saénz de Ugarte.
Idazkaria: Alfonso García.
Ordezkariak: Maitane Berasategi, Chris Merveille, Inés Castiella, Alejandro López Morgado, Nora Erdozia, Jorge Martínez eta bazkide laguntzaile gisa Usurbil LHII.
Zorionak eman nahi dizkiegu, parte hartzeagatik eskerrak eman eta datozen urteetan lan ona egin dezatela opa diegu.