Urtea borobiltzeko eta amaiera polita emateko asmoz, ezin genuen azkeneko GoienerBerria bidali gabe utzi! Eta, gainera, oraingoan, berri handi bat dakar: Goiener Taldean badugu online denda! Kamisetak, katiluak, sudaderak… eta ¡Pikara Magazinekin energiaren inguruan egin dugun monografikoa! Euskaraz zein gazteleraz argitaratua. Erreportaiak, elkarrizketak, komiki bat eta eduki gehiago biltzen dituen liburuxka honek ikuspuntu feminista batetik aztertzen du energia.
Zure alea eskuratzeko irrikitan bazaude, sartu Goiener Taldeko online dendan eta egin eskaera. Adi, aleak mugatuak dira eta!
Nafarkoopen lanean jarraitzen dugu buru belarri eta proiektuak aurrera ateratzen direla ikusteak asko pozten gaitu. Oraingoan, kooperatibako bazkide den Orexako udalak 68 kWp-ko instalazioa jarri du frontoiaren teilatuan, herritarren kontsumoaren erdia asetzeko ahalmena izango duena. Nafarkoopek proiektu hau diseinatu eta koordinatu du eta dirudienez, ez da izango Orexako Udalak egingo duen azkena!
Lesakako Udalak ere panel fotovoltaikoen alde egin du bere eraikin publikoetan eta suhiltzaileen etxearen eta udal biltegiaren teilatuan eguzki panelak jarri ditu Nafarkoopen laguntzarekin. Panel fotovoltaikoak bi eraikin hauei energia emateaz gain, Andra Mari zahar-etxea ere hornituko du.
Atal honekin amaitzeko, Alazne Arruti lankideak, Felix Ajuriarekin batera, Radio Vitoriako La Ruta Slowfood irratsaioan parte hartu zuen Latxa Energyko autokontsumoko proiektu fotovoltaikoaren inguruko informazio guztia emateko. Hona hemen euren parte hartzea irratsaioan!
Pasa den hilabetean, Bilboko Labore kooperatibaren eta Goiener Elkartearen arteko hitzarmena sinatu zen. Lankidetza hitzarmen honen bitartez, bi entitateek elkarrenganako konpromezua berretsi dute, elkarrekin lan egiteko intentzioa azpimarratuz eta elkarrekin aurrera emango dituzten jarduera ezberdinak zehaztuz, batez ere komunikazioarekin eta ordezkaritzarekin lotutakoak.
Eta, aurreko astean bertan, BERRIA Taldearekin sinatu berri dugu lankidetzarako hitzarmen bat. Kasu honetan, Erika Martinez Lizarragak Goienerreko ordezkari bezala eta Iban Arregik BERRIA Taldeko kontseilari gisa, sinatu zuten hitzarmena. Hainbat printzipio konpartitzen dituzten proiektuak izanik, elkarrekin lan egiteko intentzioa azpimarratu dugu, elkarrenganako konpromezua berretsiz.
Azaroaren 28an, urteko azkeneko Lantalde Topaketa egin genuen. Nahiz berriro ere presentzialki elkarrekin egoteko gogoz geunden, topaketa hauek online prestatu behar izan genituen. Lurgaia Fundazioko Aitziber Sarobek Euskal Herriko basoen egoeraren berri eman zigun topaketari hasiera emateko eta ostean, bertaratutakoek gai ezberdinen inguruan hausnartzeko tartea izan zuten. Esker bereziak Lurgaiako lagunei eta bertaratutako guztiei larunbat goiz horretan sortu zen giro politagatik!
Eta, azaroaren 14an ospatu genuen Energia Soziala jardunaldia ikusteko aukera izan ez bazenuen, hemen daukazu bideoa tartetxo bat daukazunean jardunaldiaz gozatzeko, oso aberasgarria izan baitzen!
Bestetik, Ane Garavilla bolondresak Alternatiben Lurra (Tantaka TV) programan parte hartu zuen Goienerren ikuspuntua emateko Trantsizio Energetikoaren inguruan. Mila esker Ane zure konpromisoagatik! Eta ikusi ez duzuenok, hemen daukazue esteka.
Merkaturatzaileari dagokionez, Larraun bailarako zazpi kontzejuk energia berriztagarrien aldeko apustua egin dute, Kooperatibara hornidura kontratuak aldatuz. Ongi etorriak Goienerrera!
Erika Martínez Goiener S. Coop.eko lehendakari berriak elkarrizketa mamitsua eskaini zion Gipuzkoako Hitzari aurreko hilabetean. Bertan, hurrengo urteetan Goiener Taldearen erronka eta proiektu nagusiak zeintzuk izango diren aurreratu zituen lehendakariak, beste hainbat gauzen artean. Irakurtzeko aukerarik izan ez baduzu, hona hemen elkarrizketa osoa!
Bestetik, aurten gure bulegoak Arigune izendatu ditugu Euskaraldian, ezin zuen bestela izan. Nahiz era presentzialean orain itxiak egon bulegoak, bai telefonoz eta bai posta elektronikoz, arreta euskaraz jasoko duzu Goienerren urte osoan. Langileok Belarriprest eta Ahobizi izan gara Euskaraldi honetan!
Eta Euskaraldia aitzaki, Asier Arsuaga langilea eta Ines Castiella bolondresa Euskalerria Irratiko Irrintzi Plaza saioan izan ziren. Bertan, Goienerreko Hizkuntza Batzordea lantzen ari den Euskara Planaren inguruan mintzatu ziren. Oraindik entzun ez baduzu, hemen daukazu saio osoa, benetan interesgarria!
Amaitzeko, jakin lankide berri baten bila gabiltzala Goiener Taldean. Kasu honetan, Arreta Teknikari bat behar dugu Iruñeko bulegoan eta eskaerak egiteko epea abenduaren 14a arte egongo da zabalik. Informazio guztia eta eskaera bideratzeko inprimakia orrialde honetan aurkituko duzu.