Urtea mugitua hasi dela ezin ukatu, baina albiste onak ere ekarri dizkigu eta beti bezala zurekin elkarbanatu nahi ditugu. Hona hemen urteko lehenengo GoienerBerria:
Nafarkoopek kudeatutako sorkuntza proiektuek 12 GWh-tik gora sortu zituzten 2020. urtean. Energia berriztagarri honi esker 3500 Tm CO2, 9 Tm SOx eta 10 Tm NOx isurtzea ekidin da, 390.000 zuhaitz inguruk xurgatzen dutenaren pare. Bestetik, Nafarkoopen 838 bazkiderekin amaitu genuen urtea 2020.ean, aurreko urtean baino 201 gehiagorekin alegia. Ongi etorri denak kooperatibara!
Eta 2020. urtea albo batera utzita, 2021.a albiste bikain batekin hasi dugu, Hidro-Ttipi proiektua hautatua izan baita Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko “Jakintzaren ekonomia” arloan. Nafarkoop, Goiener eta I-Ener-rek kudeatuko duten proiektu honen helburua izango da gure lurraldean dauden errota hidraulikoen azterketa zehatza egitea. Guztien artean 6 kasu egokienak aukeratuko dira berreskuratu eta abian jartzeko.

Gainera, hilabete honetan, Sorkuntza Taldeko langileek astia izan dute Naiz Irratiko Gelditu Makinak programan bi kolaborazio egiteko. Lehenengoan, Alazne Arruti autokontsumoaren abantailen inguruan aritu da eta bigarrengoan, Jokin Castaños ur jauzien onuraz. Zein baino zein interesgarriagoa!
Latxa Energy proiektuak zeresana ematen jarraitzen du eta oraingoan Goiena Telebistako Hemen Debagoiena programan mintzatu da Felix Ajuria proiektuaren koordinatzailea. Kerixara gaztandegiko arduradunak, modu ulerterrazean azaldu ditu proiektuaren inguruko gora-beherak, baita ere zeintzuk izan diren Goienerren egitekoak bertan.
Goiener Elkartean ere lanez gainezka ekin diogu urteari eta hainbat hitzalditan parte hartzeko aukera izan dugu urtarrilean. Azpimarratzekoa Koopfabrikak HUHEZIn antolatutako Esperientzien Eguna. Saio honetan azaldu genituen zein ahalegin egin ditugun Goienerreko esperientzia, ikuspegia eta komunitatea sortzeko garaian.

Urtarrilaren 30etik aurrera «Kintsugi» ipuina eskuragarri izango da, Harkaitz Canok idatzia eta Arrate Rodriguezek ilustratua. Goienerren esperientzia abiapuntu hartuta etorkizun berri bat irudikatzen dute non energiarekiko herritarren harremana aldatu den. Fabula paperean lortzeko aukera izango da Gipuzkoako hainbat herritan. Horretaz gainera WhatsApp edota Telegram bidez ere jarraitu ahalko da eta internetetik ere zuzenean deskargarri egongo da. Informazio guztia Borradores del Futuro web gunean aurkituko duzu. Hasierako ideiak landu zituzten bolondresei eta langileei eskerrak eman nahi dizkiegu euren partehartzeagatik!Emaitza apartekoa da, ez galdu!
Atal honekin amaitzeko, eskuragarri dituzu gure webguneetan Goiener Taldeko kooperatiben auditoria sozialen txostenak:
Azken hilabete honetan argindarraren prezioaren igoerari buruzko albiste asko jaso ditugu eta kooperatibako bazkide askoren kezkak piztu ditu. Horregatik, gertatzen ari zena pixka bat hobeto azaltzeko asmoz, urtarrilaren 15ean mezu elektroniko bat bidali genizuen. Bueltan erantzun asko jaso ditugu eskerrak emanaz eta mezuak izan duen harrerarekin Goienerren pozik gaude benetan. Hilabete honetan komunikabide asko izan ditugu ate joka prezioen igoera hau azaltzeko eta gure iritzia ezagutzeko. Denak ez badira ere, hemen uzten dizkizuegu hedabide batzuei Goienerreko bazkide langileek emandako azalpenak:
- Santi Ochoa de Eribe Gaur Egun (ETB1) saioan [EUSKARAZ]
- Maria Arretxe Ahoz Aho (ETB1) saioan [EUSKARAZ]
- Agurtzane Allur Goierri Irrati Telebistan [EUSKARAZ]
- Santi Ochoa de Eribe Teberri (ETB2) saioan [GAZTELERAZ]
- Beatriz Marín Mediodía COPE saioan [GAZTELERAZ]
Bestetik, duela aste batzuk Unión Renovables-eko batzarra egin zen eta, bozketa bidez, bildutakoek Goiener aukeratu zuten Alginet-ekin batera Kontseilu Errektorea berritzeko. Bertan arituko gara hurrengo lau urteetan. Gainera, Sapiens kooperatiba balentziarra Unión Renovables-eko bazkide kolaboratzaile gisa ere onartua izan zen.

Gogoratuko duzu aurreko GoienerBerrian nola eman genuen gure online dendaren berri. Gaurkoan, kamiseta berri bat aurkezten dizuegu: Pikarako kamiseta! Gainera, Pikarako monografikoarekin batera erosita, zertxobait merkeago eskuratuko dituzu biak. Sartu gure dendan eta kuxkuxeatu, baietz gauza politak topatu!
Eta “Energiak” monografikoa oraindik zer den ez badakizu Erika Martinez bazkide-langileak eta Izaro Basurko gure kolaboratzaileak Euskadi Irratiko Baipasa saioan azaldu zuten, bertan aldizkariko edukien aurrerapenak ere eman zituzten. Hemen entzun dezakezu!
Urte hasieran hiru lankide berri hasi ziren gurekin lanean Goienerren: Jon finantzari tekniko lanetan, Yago energia termikoko teknikari gisa eta Oihane arreta teknikari moduan Iruñeko bulegoan. Ongi etorriak denak familia polit eta (dagoeneko) handi honetara! Ez ditugu eskerrak eman gabe utzi nahi prozesuan parte hartu zuten guztiak, mila esker guztiei!
Amaitzeko ongi etorria eman nahi diegu 2020. urtean Goiener kooperatibako bazkide egin diren guztiei, iaz baino 1.839 bazkide gehiago gara (231 Araban, 523 Bizkaian, 774 Gipuzkoan eta 298 Nafarroan). Urtez urte geroz eta gehiago gara bestelako eredu energetiko, jasangarri eta bidezkoago baten aldeko apustua egiten dugunak. Eskerrik asko!