Zorionez, eta hainbat arrazoi medio, desio eta beharrezko dugun energia-ereduari buruzko eztabaida inoiz baino agerikoagoa da gure gizartean. Aukera bikaina eskaintzen digu horrek, zalantzarik gabe aurrerantzean funtsezkoa izango den irudi berri bat aurkezteko: Energia-Komunitateak. Europako Batasunak honela definitzen ditu: pertsonak, enpresa txikiak, elkarteak eta tokiko erakunde publikoak biltzen dituen erakunde juridikoak dira; elkarrekin, energia berriztagarriak (elektrizitatea, beroa eta hotza), eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria eta abar sustatzean oinarritutako jarduerak garatzeko helburua dutenak; hori guztia gertuko onura soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa bilatuz.
Oraingoz, Europako araudia ez da osoki ezarri Espainiako legerian eta horren zain gaude gure proposamenaren xehetasunak zehazteko. Bitartean, aurreratu dezakegu zenbait udalerritan —hala nola Hernanin eta Leitzan— prestatze-lanak egiten ari garela Energia-Komunitateak abiarazteko modu sendo, parte-hartzaile eta erresilientean.
Eta zenbaitek pentsatuko duzue… baina Goiener duela 8 urtetik egiten ari dena ez al da hori bera? Horixe ba! Hain zuzen hori da albiste ona. Mota horretako ekimenak laguntzeko esperientzia dugu, ikasten jarraitzeko gogoa eta, batez ere, bide hau egiteko konpainiarik onena: gure bazkide eta laguntzaile guztiena.
Orduan, zer proposatzen dugu Goienerren?
Sortu ginenetik energia guztiona eta guztiontzat nahi izan dugu. Horregatik urruntzen gara proiektu faraonikoetatik (baita berriztagarri bidezkoak direnetatik ere); erregai fosilen erabilera iraunarazten duten ereduetatik, edota, batez ere, pertsonak ahalduntzen ez dituzten jardueretatik. Guretzat, Energia-Komunitate bat dira: etorkizunean tokian-tokian agintea hartu nahi duten pertsonak, energia «tresna» gisa erabiliz, ahalbidetuko duena gizarte bat bidezkoagoa, solidarioagoa, ingurumena errespetatuko duena eta ahaldundua.
Eta nola egingo dugu?
- Arlo hauetan bagara bideratzaileak:
- Arlo juridiko-administratiboan.
Hala, gune jasangarriak sortzen laguntzen dugu energiaren, gizartearen, bizitzaren, ekologiaren eta abarren ikuspegitik; pertsonen arteko eta gure ingurunearekiko harremanen eraldaketari buruzko ikuspegi orokorretik.
Laburbilduz: Goiener eskala txikian eta maila oso lokalean erreplikatuz.
Zure inguruan horrelako proiektu bat martxan jartzeko interesik badagoela uste baduzu, edo, besterik gabe, Energia-Komunitateak zer diren lehen eskutik ezagutzera eman nahi baduzu, animatzen zaitugu azaldutako hau bera azaltzera edo zuzenean gurekin harremanetan jartzera komunitateak@goiener.com helbide elektronikoan.
Gehiago jakiteko, bideo honetan, joan den abenduaren 1ean 40 toki-erakunderen aurrean egindako webinar batean, Santiago Ochoa de Eribek azaldu zuen zertaz ari garen, zer ondorio dituen eta gaur egungo egoera zein den.
Informazio gehiago: energiakomunitateak.goiener.eus