Asteak joan, asteak etorri, iritsi gara berriro beste ikasturte baten amaierara eta udako oporrak gainean izango ditugu gehienok, baina ez genuen amaitu nahi azken GoienerBerria bidali gabe.
Eta badugu zer ospatu, uztailaren 1ean Andoainen Udalbiltza eta I-enerrekin proiektu berriak elkarrekin aurrera ateratzeko lankidetza hitzarmena sinatu baikenuen.
Azkenean, antolatu dugu bazkide langileen erretiro bat aurrez aurre, aurreko erretiro telematikoak albo batera utzita. Egun ederra pasa genuen aire zabalean, elkar ezagutu eta egunean jartzeko ekimenez josia. Faltan botatzen genuen presentzialki denak elkartzea, eta energia-txute handia izan zen.

Baina horretaz gainera Goiener Taldean badugu ospatzeko gauza gehiago ere, ekainaren erdialdean sorkuntza proiektuetara bideratua dugun Nafarkoop S.Coop.ek 900 bazkideen langa gainditu baitzuen. Gero eta gehiago gara sorkuntza proiektuetan urratsa eman nahi dugun bazkideak, gainera udara osterako ekimen berriak prestatzen gabiltza. Animatu eta bazkidetu zu ere!
Transizio energetikoa azkartzen hasi den garai hauetan, energia berriztagarri bidezko sorkuntza proiektu gero eta gehiago abian jarriko direla ikusiko dugu, adibidez Zaldibiko Lardizabal Eskolakoa. Herrian bertan izan ginen maiatzaren 26ean proiektua zertan den azalduz eta bide batez energia burujabetzaren aldeko apustua eginez.
Transizioaren bide horretan energia komunitateak denbora daramate zeresana ematen energia sektorean. Maite Alonso Goienerreko lankideak Hordago aldizkarian artikulua idatzi zuen gaiaren inguruan, beste eredu energetiko batzuk eraikitzeko gakoak emanez.
Energien komunitateekin jarraituz, ekainaren 10ean –argindar faktura berrien tailer bat eskaintzeaz gain– bertako energia planaren aurkezpenean izan ginen Leitzako udalarekin batera.
Astebete beranduago Zestoako Udalarekin ere akordioa sinatu genuen. Helburua, berdina, tokian tokiko energia komunitateak sortzen laguntzea. Horretaz gainera, pasa den uztailaren 6an Zumaiako Goienerreko bazkideen eskariz bertan ere hitzaldi bat eskaini genuen energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko aukerak eta gaitasunak aztertuz.
Energia komunitateak alde batera utzi gabe, buru-belarri dihardugun europar proiektuetan ere garrantzia dute erakunde hauek. Azken asteetan azpimarratzekoak dira:
— Batetik ekainaren 10ean egin genituen Becoop proiektuaren aurkezpenak: goizez telematikoa eta arratsaldez presentziala Kanpezuko Kultur-Etxean. Becoopek ere sustatu nahi ditu energia komunitateak, hain zuzen eskaera termikoak bioenergia bidez hornitzen dituzten haiek.

— Bestetik, energia komunitateek inor atzean ez uzteko duten helburu horrekin bat eginez, Powerpoor proiektuaren barruan martxan jarri ditugu lehen formakuntza saioak ekainean zehar. Parte hartu duten 40 pertsonak Energia-Pobrezia Laguntzaile nahiz Energia-Komunitate Aholkulari ziurtagiria lortzeko bidean dira, pobrezia energetikoari hainbat modutara aurre egiteko. Irailetik aurrera formakuntza saio gehiago izango dira, interesik baldin baduzu, adi egon!
Hain zuzen pobrezia energetikoaren gaia eta Powerpoor izan ditu hizpide Aitor Ossa lankideak Naiz Irratiko Gelditu Makinak saioan.
Baina epe labur eta ertainerako proiektu hauetaz gain, egunerokoan, gure hemerotekan tarterik handienak bete dituzte zalantzarik gabe tarifa berriek eta argindarraren prezioen gorabeherek. Hainbat komunikabideetan izan gara azalpenak ematen, adibidez tarifa berriez Euskadi Irratiko Faktorian (Agurtzane Allur) eta Eguzki Irratian (Mikel Libano) edota prezioen gorabeherez ETBko Egunon Euskadin (Santi Ochoa de Eribe) eta Euskalerria Irratian (Maria Arretxe).
Eta noski, tarifa berrien gaia pil-pilean egonda hainbat hitzaldi eman dugu bazter batean zein bestean: aurrez aipatutako Leitzakoaz gain Errigoiti, Orexa, Lezo, Ziortza-Bolibar, Egia edota Irungo Bioterra azokan ere aritu gara azalpenak ematen langileak eta bolondrresak.
Bioterran gainera, errota zaharrak berreskuratzeko Hidro-Tttipi proiektuaren inguruan ere beste hitzaldi bat eskaini zuten I-enerreko Bixente Mateo eta Goienerreko Maite Alonsok. Aurten ere azoka ongi joan da eta balio izan digu Goiener ezagutzera eman eta bazkide berriak erakartzeko, baina baita zuetako aurreko bazkide askorekin bertatik bertara egoteko ere. Ezinbestekoa eta eskertzekoa hemen ere, horrenbeste txanda betetzeko Goiener Elkarteko bolondresek egindako lana.

Amaitzeko ezin azpimarratu gabe utzi ekonomia sozialeko gainerako elkarteekin egindako topaketak eta lankideetzak: Bilboko Gazte Topaketetan antolatu zen mahai ingurua; Olatukoopek antolatutako saretze eguna Aiaraldean edota REAS Nafarroakoekin «ekonomia solidarioaren 6 oinarriekin konprometituak» izeneko ekimena.
A! eta azken ohar bat pertsiana «jaitsi» aurretik, gogoratu uztailean eta abuztuan udako arreta ordutegia izango dugula, alegia 9:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera. Eta bulegoren batera bertaratu nahi baduzue gogoratu aurrez ordua eskatzea.

Ikasturte berrian elkar ikusiko dugu. Gozatu udaz eta zaindu zuen buruak eta ingurukoak!