Zer moduz ibili zarete udan? Atseden hartu izana espero dugu. Goienerren jarduera itzela izan dugu orohar, mugimendu handiko egunak izan dira.
Prezioen gorabeherak eta polemikak gailendu diren hilabete hauetako egoera eta gure posizionamendua ondorengo esteketako edukien bidez islatzen saiatu gara.
Artikulu honetan urtegiak husteko polemikari buruz hitz egin dugu, eta Gaur Egunen zein À punt programetan prezioen igoerari buruz.
Jakinarazi nahi dizuegu datorren astean jasoko duzuela irailaren 15ean onartutako eta atzo indarrean sartutako “Talka Planari” buruzko informazio guztia.
Eta orain bai, azken GoienerBerriaz geroztik egindakoen zerrendarekin hasiko gara, eta ‘sorpresa didaktiko’ bat gehitzeko baimena ere hartu dugu :-)
Energia-komunitateak udan protagonista izan dira gurean. Goiener Taldean Hernani, Leitza, Orexa, Zestoa, Lea-Ibarra, Otxandion eta beste hainbat proiektutan parte hartuko dugu.
Hernaniko komunitate ekimenaren bilakaera hurbilagotik ezagutu nahi baduzue, hemen duzue Argiako artikulu bat. Beste erreportai honetan, gaiari buruz dugun iritzia kontatzen dugu, eta hemen ikuspegi orokorragoa ematen duen artikulu bat aurki dezakezue. Azkenik, labetik atera berri den bideoa ere gehitzen dizuegu, IDAEk antolatutako jardunaldi batean, Alfonso García Unión Renovables elkarteko lehendakaria eta gure lankidearen hitzaldia.
Garapen Taldea ere burubelarri aritu da lanean.
Azpimarratzekoa Hidro-Ttipi taldetik Gislan kooperatibarekin batera garatutako tresna. Begira zein dotore geratzen ari den Euskal Herriko instalazio minihidraulikoen informazioa biltzen duen mapa berria! Eta bide batez lagundu nahi badiguzue webgune horren bidez ezagutzen dituzuen eta erabilerarik ez duten ur-jauzi, errota edo zentralak gehituz.
Urrian, berriro jarriko ditugu martxan Energia-Pobrezia Laguntzaile eta Energia-Komunitate Aholkulari izateko formakuntza saioak. Aukera bikaina da; beraz, gaian interesik baduzue, edukia ikusi eta izena emateko inprimakiak eskura uzten dizkizuegu.
Geldirik egon ez den beste talde bat Sorkuntzakoa da. Zer kontatuko dizuegu beraien inguruan ez dakizuenik? Egiten duten lan eskergarekin soilik, buletin oso bat bete dezakegu. Baina gehiegikeriarik egin nahi ez dugunez, eta, gainera aurrez aipatutako ‘sorpresa didaktikorako’ ere denbora beharko duzuenez, instalazio aipagarrienak erakutsiko dizkizuegu.
Bestalde, prest daude ibilgailu elektrikoen kargarako Adunan eta Ultzaman jarritako lehen puntuak. Horretaz gain beste instalazio batzuk amaitu ditugu, adibidez, Orexakoa edo Zaldibiakoa.
Eta, azkenik, ‘sorpresa didaktikoaren’ misterioa argituko dugu: jolas txiki bat prestatu dugu, galdera modura, energiaren sektoreari buruz dituzuen ezagutzak neurtzeko. Ez da erraza, baina seguru gaindituko duzuela. Azken finean, energia-kooperatiba baten parte zarete! Gustatuko zaizuelakoan.
Amaitzeko, gogoratu bulegoak irekita ditugula (deitu aurretik hitzordua hartzeko) eta Arabako Taldea osatzeko lan eskaintzan izena emateko epea datorren asteartean amaituko dela.