Laguntza eskatzen duenak, ahultasuna adierazten du, edo alderantziz, sendotasuna?
Egoera askok anbiguotasun horretan dantza egiten dute, hau da, zentzu bat edo bestea hartuko dute begiratu edota pairatzen dituenaren arabera. Askorentzat ahultasunaren adierazle dena, beste askorentzako, sendotasun izango da.
Argi eta garbi, objetiboki, esan dezakegu GOIENERen gure bazkideei laguntza eskatzea erabaki dugula. Gaizki dijoakigulako? Ez, alderantziz, balio bat praktikan jartzea erabaki dugulako. Kooperatibak kooperatibistek egiten ditugu; gure kooperatibista izaeran dago gure mugak ezagutzea eta onartzea; izan ere, norbanako bat iritsi ezin daiteken tokian, beste edozein lankide iritsi daiteke, boluntario, bazkide kontsumitzaile, etab.
Interesgarria eta gakoa ez dira kooperatibak, kooperatibistak baizik; (…) Ez horrenbeste ideiak, bizipenak baizik (*)
Energia-komunitate bat baldin bagara, izan gaitezen hori, komunitate, etengabeko joan etorrian dauden bizipen eta ideia. Eta hori, batez ere, gauzatzen da gainerakoen beharra onartzen dugunean indartsuagoak izateko, urrunago iristeko eta elkarrekin iristeko. Elkar-mendekotasuna dugun izakiak gara, alegia.
Adibide gisa, 2020an gure bazkide guztiekin ezarri genituen elkartasun-mekanismoak –legeak behartzen gintuena baino haratago– jabetuz garrantzitsua zela gure bazkideen beharrei erantzun ahal izatea, zaurgarrienetan pentsatuz eta pertsonak emaitzen aurretik jarriz. Orain, aldiz, gure bazkideei eskatzen diegu proiektua laguntzea, gaur egun den proiektuari eta etorkizunean izango denari.
GOIENERek –ekimen gisa maila askotan– pertsonak eta komunitatea sustatzeko lan bikoitzean sakontzen jarraitzen du. Bata bestea gabe ez da ulertzen. Kontua ez da bata bestearen aurretik jartzea, baizik eta bi errealitateak aldi berean indartzea.
Garrantzitsua izan dezakeena (…) ez da egiten dena, egin nahi dena baizik.” (*)
15.000 bazkide gara dagoeneko. Baina zenbakiak ez digu ezer esaten atzean mamirik ez badago. Duela 8 urte jaulki genuen lehen argindar faktura eta 2022an 10 urte beteko ditugu kooperatiba bihurtu ginela.
Garai zailak dira, baina aldi berean zirraragarriak, bai energiaren sektorean eta baita haratago ere; ziurgabetasun eta aukerez beteak. Aurrera ateratzen ari garen proiektuen berri eman izan dizuegu GoienerBerri informatiboetan eta Batzar Orokorrean, eta oraindik egiteke dugunaren berri ematen jarraitu nahi dugu:
- Gure gizartean pobrezia (energetikoa) murrizteko irtenbideak zabaltzea.
- Bazkideei eskaintzen diegun aholkularitza hobetzea, zentzuz kontsumitu dezaten.
- Tokiko, eskualdeko eta nazioarteko lankidetza-sareak hobetzea, zer garen eta zer dakigun partekatu ahal izateko eta aldi berean beste pertsona batzuengandik errealitate berriak jasotzeko.
- Energia berriztagarri bidezko proiektuak garatzea, eraginkortasun energetikoa lehen lerroan jarriz.
- Energia berriztagarrietan oinarritutako soluzio termikoak garatzeko aukerak aztertzea.
- Eraikinen birgaitze partzial, sakon eta integralekin erlazionatutako aukerak aztertzea.
- Gure lurraldeko energia-komunitateak sustatzea, energia berriztagarrien inguruan dabiltzan gizarte-kohesio ikur gisa, pertsonak erdian jarriz, benetako parte-hartze prozesuetatik eta botere-prozesuetatik abiatuta. Dagoeneko 8 komunitaterekin ari gara lanean!
- Eta beste hainbat gauza gehiago…
Eta aipatutako guztia, guztion keinu politikoari eta GOIENERekin kontsumitu eta bertan parte hartzeko konpromisoari esker lortzen da; izan ere, bakoitzaren ekarpen handi hori –bakarka hartuta hutsala dirudiena– den-dena da (gaur egungo) beste 14.999 bazkideekin bat egiterakoan eta guztion artean etorkizun berriak eraikitzeaz ari garenean.
Bere duintasunaz ohartzen diren pertsonekin, askatasuna maite dutenekin, justizia sozialaren eskakizunei erantzun eta denontzat berdina den elkartasun erregimen bat onartzeko gai direnekin kontatu daitekeen toki horretan du oinarria kooperatibismoak, eta honen emaitza hobezinak espero daitezke orduan. (*)
Ba horixe, zuekin ABANTEAN!
(*) «Gogoetak On José María Arizmendiarrieta» lanetik. Arizmendiarrietaren esaldi eta gogoeten sorta hau Joxe Azurmendik haren idazkietatik bildua da. Otalora (Azatza). Deskargarako.