Mezu honen bidez, merkatu elektrikoaren egoeraren eta kooperatiban egiten ari garen kudeaketaren berri eman nahi dizuegu. Badakigu eragin zuzena duela fakturetan. Horregatik, gardentasun-ariketa bat egiteaz gain, zuen kontsumoa aztertzen eta optimizatzen saiatuko gara.
Testuingurua
Dakizuenez, 2021a ezegonkortasun eta ziurgabetasun handiko urtea izan da merkatu elektrikoari dagokionean. OMIEren txosten honen arabera, 2020an eguneko merkatuaren batez besteko prezioa 33,96 €/MWh-koa izan zen; 2021ean berriz, 111,93 €/MWh-koa. Arrazoiak aztertzen hasi aurretik (gure hemerotekan sakondu ditzakezue), ondorioak nabarmenak izaten ari direla agerikoa da, adibide gisa kontsumitzaileentzako gastu igoera edota 50 merkaturatzaile porrotera eraman dituen muturreko egoera.
Bestalde, urtarriletik aurrera bertan behera geratu dira 2021/09/15etik 2021/12/31ra Gobernuak bultzatu zituen ohiz kanpoko neurriak. Hauek karguetan eta ordainsarietan murrizketak ekarri zizkiguten. Oraindik mantenduko dena BEZaren %21etik %10erako murrizketa da, 15kW baino gutxiagoko kontratuentzako (hasiera batean martxoaren 31 arte behintzat).
Gure kudeaketa
Etxeko tarifen kasuan (2.0TD), hiru hilean behin berrikusten ditugu prezioak. Dakizuenez, estalduren bidez ordaintzen dugu gure energia-erosketaren zati bat Goienerren. Horri esker, azken hiruhilekoan tarifak bere horretan mantendu ditugu, eta neurri batean, prezioen igoera moteltzea lortu dugu. Zehazkiago, azken hiruhileko honetan, gure erreferentziazko prezioa 137 €/MWh izan da; aldi berean merkatu-prezioa 200 €/MWh-tik gorakoa izan denean.
Baina estaldurak ez dira perfektuak, eta haien prezioak ere gora egiten du; beraz, urtarril honetan igoera bat aplikatu behar izan dugu kooperatibaren bideragarritasuna arriskuan ez jartzeko. Hartutako erabaki hauen bidez babestu nahi ditugu proiektuaren helburuak eta guztion onura.
Gure faktura berrikusten
Aurreko guzti honi gehitu behar zaio orain neguan gaudela, gure etxeetan energia gehien kontsumitzen den garaia. Hona hemen faktura aztertzeko eta kontsumoan eraginkorrak izateko gomendio batzuk:
- Alderatu kontsumoa aurreko hilabetekoarekin. Baliteke gehikuntza hori izatea berokuntza sistema denbora luzeagoz jarri dugulako martxan edo etxean denbora gehiago egon garelako. Baina aldea oso handia bada, baliteke matxuraren bat izatea arrazoia edo etxetresna elektrikoren bat behar bezala ez dabilelako. Fakturazio-aldiaren egun-kopuruak ere eragina izan dezake emaitzan.
- Gure kontsumoa zein tartetan egiten dugun aztertu. Ekainean sartu zen indarrean tarifa-sistema berria, eta garrantzitsua da jakitea gure gailu elektrikoen programazioa egokia den sakonuneko orduetan kontsumitu dezaten. Adibidez, bero-ponpak, metagailu elektrikoak, hari erradiatzaileak.
- Berrikusi kontratatutako potentzia. Banatzailearen web orritik, gure kontsumo-datuetara sar gaitezke, eta behar dugun potentzia zein den zehaztu.
- Arduraz kontsumitzeko ohiturak kontuan izan. Hona hemen aholku batzuk.
Beti bezala, zuen esanetara gaude zalantzak argitzeko eta gure esku dauden irtenbideak eskaintzeko. Harremanetan jar zaitezkete posta elektroniko bidez (kontratuak@goiener.com edo erakunde juridikoen kasuan entitateak@goiener.com), telefonoz (baliteke momentu batzutan behar bezain azkar ez erantzutea, dei karga eta hauek era egokian erantzuteko hartzen ari garen denbora dela medio, pazientzia piska bat eskatzen dizuegu), edo bulegoetara etor zaitezkete, gogoratu aurrez hitzordua eskatzea.