Azken egunetan bazkide asko zalantza berdintsuekin iristen ari zaigu: «Zein ordu zehatzetan da merkeagoa argindarra Goienerrekin kontratatua baldin badut? orduz-orduko prezioak ematen dizkidan aplikazio honek dioena ere betetzen al da Goienerreko nire kontratuan?»
Goienerren, etxeko kontratuak ditugunon energiaren prezioak ez dira orduero aldatzen. 3 ordu-tarte bakarrik ditugu eta 3 prezio, finko mantentzen direnak tarte horietan. Hiru tarte horiek ikastearekin nahikoa da:
- Tarte merkeena: astean zehar gauez, gaueko 12:00etatik goizeko 8:00etara. Asteburuetan eta (estatu mailako) jai-egunetan 24 orduak tarte merkean daude, aprobetxatu.
Ordu tarteak: 00:00 – 08:00.
- Tarte garestiena: astean zehar, goizeko 10ak ondorengo hurrengo 4 orduak eta gaueko 10ak baino lehenagoko 4 orduak.
Ordu tarteak: 10:00 – 14:00 eta 18:00 – 22:00.
- Prezio ertaina duen tartea, gainerako tarte guztiak. Esnatu berritan, arratsalde partean eta lotara joan aurretik.
Ordu tarteak: 8:00 – 10:00 ; 14:00 – 18:00 eta 22:00 – 00:00.
Eta hori da jakin beharrekoa, ez da behar ez aplikaziorik, ez alarmarik, ez mugikorrik.