Gasa doitzeko mekanismoaren inguruko informazioa eta aplikazioak kontsumitzaileentzako.
1. ZER DA DOITZEKO MEKANISMO HAU?
Maiatzaren 13ko 10/2022 Errege Lege Dekretuak denbora tarte baterako mekanismo bat ezarri zuen gas naturalaren prezio-igoerak argindarraren handizkako merkatuan duen eragina mugatzeko. Handizkako merkatuan, honek duen diseinu marjinalistaren ondorioz, argindar guztiaren prezioa finkatzen du ordu bakoitzeko eskaria asetzeko behar den azken sorkuntza-unitateak.
2021ean, teknologia fosilek handizkako merkatuko azken prezioen %17,5a baino ez zuten finkatu, hidroelektrikoa izan zelarik prezio hori maizen finkatu zuena, kasu guztien %55ean. Gaiaren inguruan ondorengo artikulua irakurtzea gomendatzen dizuegu.
Ezarri den mekanismo berri honek gas naturalaren prezioa mugatzea lortu nahi du, era horretan teknologia fosilekin sortutako eskaintza murrizteko, eta ondorioz, merkatuko azken prezioa.
2022an zehar, gasaren prezioaren batezbestekoa 98,9 €/MWh izan da. Mekanismo honek gas naturalaren prezio hori mugatuko du: lehenengo sei hilabeteetan 40 €/MWh-ko kostua izango du, eta hortik aurrera 5 €/Mwh-ko igoera izango luke hilero, 70 €/MWh-ko balioa lortu arte. Teknologia fosilek euren argindar eskaintzaren prezioa kalkulatzeko gasaren kostua hartzen dute kontuan; beraz, hau murriztuz, handizkako merkatuan ere prezio merkeagoan eskaini beharko dute.
Azken finean, mekanismo berriak lortzen du teknologia guztiek sortutakoa ez ordaintzea teknologia fosilaren prezioan.
Baina teknologia fosilek euren energia gasaren toperik ez zegoenean baino merkeago saltzeak, ez du esan nahi galtzen aterako direnik. Errege Lege-Dekretuak konpentsazio-sistema bat ezartzen du, prezio normalean eskainita irabazi arte ordaintzeko. Hala ere, teknologia fosilek euren energia gasaren toperik ez zegoenean baino merkeago saltzeak, ez du esan nahi galtzen aterako direnik. Errege Lege-Dekretuak konpentsazio-sistema bat ezartzen baitie prezio normalarekin irabaziko zuketena berreskuratzeko.
Ordain ekonomiko hori eskariak hartzen du bere gain, hau da, kontsumitzaileek. Gasaren prezioaren mugak ez dio eragingo 2022ko apirilaren 26a baino lehenagoko finantza-estaldurak (energia-erosketa aurreratuak) dituen eskariari; beraz, doikuntza hori ordaintzetik salbuetsita egongo da. Hilabeteak igaro ahala, estaldura horiei lotutako kontsumoa gutxituz joango da, eta doikuntzaren kostua ere bai.
2. NOIZ SARTUKO DA INDARREAN ETA ZENBAT DENBORA IRAUNGO DU NEURRIAK?
Errege Lege-Dekretua maiatzaren 13an argitaratu zen arren, aipatutako mekanismoa 2022ko ekainaren 15era arte ez da indarrean sartu. Europan ezartzen diren argindarraren handizkako merkatuaren arauak aldatzen zituenez, aurrez Europako Batzordeak onartu behar baitzituen. Azken data hau ez dugu ekainaren 9a arte ezagutu.
Mekanismoa 2023ko maiatzaren 31ra arte mantenduko da indarrean, aldi baterako neurria izanik Gobernuak ezin baitu bere kabuz luzatu.
3. ZEIN KOSTU EKARRIKO DIO GOIENERRI?
Errege Lege-Dekretuak jakinarazten du soilik ordaindu behar dela kontsumo-zatiaren doikuntza. Beti ere kontsumo horren prezioa apirilaren 26a baino lehen finkatu gabe bazegoen, izan estalduren edo bi aldeko kontratuen bidez. Egun horretan, Espainiako eta Portugalgo gobernuek publikoki ezagutzera eman zuten «Iberiar Penintsulako salbuespena» deitu dioten neurri hau, eta horren eraginez, argindarraren prezioak jaisten hasi ziren etorkizuneko merkatuetan.
Goienerrek, bertikalki osatuta ez dauden gainerako merkaturatzaileek bezala, Merkatuko Operadorearen aurrean aitortu zituen apirilaren 26a baino lehenagoko finantza-estaldurak, gure kontratuei prezioaren zati bat finkatzen laguntzen zigutenak. Beraz, Goienerrek handizkako merkatuan erositako energiari dagokion eta estaldurei lotu gabe dagoen doikuntza ordaindu beharko du.
4. HORREK FAKTURAN AURREIKUSITAKO % 15 AURREZTEA EKARRIKO AL DU?
Fakturan aurreztuko dugun kopurua, kontsumitzaile bakoitzak duen kontratu-motaren araberakoa izango da, eta, nolanahi ere, kopuru hori ez litzateke izango mekanismoa indarrean sartu aurreko prezioari dagokiona, gasari muga aplikatu izan ez balitzaio kontsumitzaile horrek ordainduko zukeenari legokiokeena baizik.
Zaila da jakitea neurria espero bezala funtzionatzen ari ote den, azken astean hainbat faktorek prezioen igoera eragin baitu: bero-boladaren ondorioz eskari handia egon da, gasaren prezioa igo da berriro ere, eta energia eolikoaren ekoizpena murriztu egin da, eta horrek teknologia fosil gehiago erabili beharra eragin du merkatuan. Ondorioz, handizkako merkatuan energia saldu duten teknologia fosilei ordaindu beharreko doikuntzak ere gora egin du.