Azken hilabeteotan isilik egon da GoienerBerri, baina ez zer kontaturik ez zeukalako, kontrako arrazoiengatik, baizik. Energiaren merkatuko gorabeherek erabat baldintzatu dute kooperatibaren egunerokoa, GoienerBerri ia lozorroan uzteraino. Baina udaberri hasierako kukuaren kantuak bezala, albiste berri eta berriztagarriak ekartzeko irrikaz dago. Hemen duzue ekainak eman duen guztiaren laburpena:
Martxoan, argindarraren prezioak maximo historikoak gainditu zituen, eta bazkideei esker kooperatiba larrialditik ateratzeko gauza izan ginen. Erregulazioan egin beharreko aldaketak etengabeak dira, eta gure lan-talde guztiek egokitzapenak egiten dihardute buru-belarri.
Testuinguru honetan, berezia izan da aurtengo Batzar Orokorra, Gasteizko Armentia Ikastolan egin duguna, denontzako urte zaila izan dela jakitun. Hargatik, kooperatibaren lanak, Kontseilu Errektore berriak eta proposatutako puntuek bazkideengandik jaso duten babes zabalak, indartsu eta baikor kokatzen gaitu ikasturte berriaren atarian.
Izan ere, harrotasunik gabe, harro egotekoak dira datuak: Goiener S.Coop.-en 16.000 bazkide baino gehiago gara, Nafarkoop–Sorkuntzan ia 1.300, Elkarteak 200 bolondres biltzen ditu beregan, eta seigarren bulegoa (Arrasatekoa) estreinatzeko puntuan gauden honetan, ia 60 bazkide-langile gara.
Urtero legez, Ficobako Bioterra azokan izan gara. Gure bazkideekin (eta ez direnekin) aurrez-aurre elkartzeko zortea izan dugu, eta baita atsedenik gabe lanean dihardugun Europar proiektuen inguruko hitzaldiak ematekoa ere (BeCoop eta Why proiektuei buruzkoak). Eta zein pozik itzuli garen Bioterratik, antolakuntzak gure 10 urteko ibilbidea saritzeko emandako oroigarria besapean hartuta! Sari hau zurea da, bazkide!
Hala ere sariak baino, eguneroko inurri-lana da gurea. Herriz-herri pizten ari diren energia komunitate berriztagarriei hauspoa ematea, adibidez. Goienerren energia-beharrizanak asetzeko proiektu kolektiboen aldeko bidea egitea erabaki duten herritarrei laguntza emateko konpromezua dugu, eta ez dira gutxi izan ekainean emandako hitzaldiak: Balmaseda, Bermeo, Uharte, Oiartzun, Bakio, Muskiz, Markina-Xemein, Agurain, Gernika, Deustu…
Kooperatibako hitzaldien, ekitaldien eta albisteen berri izan nahi baduzue, gogoan izan Telegrameko kanal bat dugula, bertan harpidetu zaitezketela edota webguneko agenda ere kontsultatu dezakezuela.
Jakintza eta esperientzia pilatzen goazen seinale, aurtengo Udako Ikastaroetan “Energia Komunitateak eta Ekonomia soziala” ikastaroa ematera gonbidatu gaituzte. Euskal Herrian energia-komunitateen garapenerako aukeren eta erronken inguruko hausnarketan gure aletxoa jarri dugu, Oier Etxebarriari esker. Bestalde, Osunan (Sevillan) egin den “Ekonomia sozialaren III. foro iberoamerikarra: klimaren aldeko ekintza, emakume aurpegiz” topaketetan ere izan gara. Erika Martinezek “Mugiarazten gaituen energia” izeneko mahai-inguruan parte hartu zuen.
Autokontsumoa esanda, gogoan hartzea komeni da Nafarkoop-Sorkuntzako proiektuak abian jartzeko 4. ekarpen leihoa laster itxiko dugula. Dagoeneko jaso dugu kopuru osoaren %92, eta azken bultzadatxoa besterik ez da falta ametsa egi bihurtzeko. Animatu zaitez, eta parte hartu proiektu herritar eder hauetan!
Ekaina, Europako proiektuen hilabetea izan da gurean eta zeresan handia eman dute. Besteak beste, lan-taldea handitzeko lan-eskaintza berri bat sortu delako: proiektu europarrak kudeatuko dituen lankide baten bila gabiltza. Interesa piztu badizu, irakurri ondo baldintzak, eta eman izena uztailaren 10a baino lehen.
Izan ere, abiadura bizian doaz gure proiektu europarrak. Esate baterako, zentral hidroelektriko txikiak berreskuratzea helburu duen Hidro-ttipi fase erabakigarrian sartzen ari da, Maite Alonso lankideak Euskadi Irratiko Ekosfera saioan egindako elkarrizketan azaldu zuen moduan.
Powerpoor ikastaroek ere arrakasta handia izan dute, eta dozenaka lagun izan dira ekaineko formazioetan parte hartu dutenak. Lagun hauek, energia-pobreziako kasuak atzeman eta arintzen lagunduko duten energia-eragile bihurtzeko lehen pausoak eman dituzte dagoeneko. Aurtengoz ez da beste saiorik egingo, baina jakinaraziko dizkizuegu irailetik aurrerako formazioen data berriak.
BeCoop-ek jakinarazi berri du proiektu pilotua Aberasturi kontzejuan garatuko dela, eta WHY proiektuak, ikerketa lan zabalaren emaitza argigarriak argitaratu ditu berriki.
Horrez gain, primizian aurreratu genezake proiektu berriak ate-joka datozela, eta (oraingoz gehiegi aurreratu ezin dugun arren) uztailean beste proiektu europar batek lehen pausoak emango dituela Goienerren eskutik.
Gure aldetik besterik ez, GoienerBerri albiste freskoz beteta etorriko da datorren hilabetean.
Zaindu.