Energiaren merkatuaren ikuspuntutik 2021a urte zaila eta ezegonkorra izan den arren, ekitaldi honetan 2.418 bazkide-berri batu dira Goiener kooperatibara, urtea guztira 15.500 bazkiderekin amaituz. 2021ean, 4.300 kontratu berri kudeatu dira, 98,2 GWh merkaturatu eta sorkuntza proiektuek gora egin dute, besteak beste, bazkideen borondatezko ekarpenei esker abian jarritako proiektuekin.
Ekitaldi zaila izan dela diogu, mundu mailako krisi ezberdinek eta prezioen igoera ikaragarriak, gure merkaturatzailearen jarduerari ere zuzenean eragin ziotelako urte hasieran. Hala ere, ahalegin osoa egin dugu (eta baita lortu ere) Aparteko Batzarrean bazkideek onartu zituzten neurriak indarrean jarri beharrik ez izateko.
Batzar Orokorra 2022
Datu hauek mahai-gainean, pasa den larunbatean, ekainak 11, Goiener S. Coop.eko Batzar Orokorra egin genuen, Gasteizko Armentia Ikastolan. Azkeneko bi urtetan pandemiak aurrez-aurre elkartzea galarazi ostean, 80 bazkide inguruk bertatik bertara parte hartu zuten Batzarrean, eta beste askok modu telematikoan jarraitu zituzten bertan emandako azalpenak.
Erika Martinez lehendakariaren agurrarekin hasi zen Batzarra. Ondoren, gidari eta moderatzaile lanetan jardun zuten Olatz Azurzak eta Graxi Arregik azaldu zituzten Batzarra jarraitzeko xehetasunak eta eguneko gai-zerrenda.
Bozkatu aurretik, 2021 ekitaldiko memoriak eta kontuak luze eta zabal jorratu genituen, 2022ko kudeaketa-planak eta aurrekontuak azaldu aurretik. Horrez gain, Kontseilu Errektorea berritzeko hautagaiak aurkeztu genituen, eta baita bozkatu beharreko proposamenak ere: hala nola, ekarpenei aplikatu beharreko interes-balioa, eta Estatutuak zein Barne araudia aldatzeko proposamenak.
Aurkezpen txandak amaituta, eta bazkideei zalantzak argitzeko tartea eman ondoren, aurrez aipatutako puntuak bozkatu ziren Batzarrean.
Bozen emaitzak
Bozketan parte hartu zuten bazkideek (paperean zein Demokratian bozka-sistema erabiliz), Batzarrean proposatutako puntu guztiak onartu zituzten, adostasun zabalarekin. Emandako bozak eta emaitzak esteka honetan egiaztatu daitezke.
Horrez gain, Goiener S. Coop.eko Kontseilu Errektoreak bi urtez behin berritzen ditu kideen erdiak, eta Kontseiluan zeudenetik 5 lagun atera direnez, hautagaien artetik eta parekidetasuna bermatuz, beste 5 aukeratzeko bozketari ekin zitzaion. Bazkideek hala erabakita, hauxe da Kontseilu Errektore berria.
Goiener Taldeak bere esker ona adierazi nahi die urteotan Kontseilu Errektorean lanean aritu diren bazkideei, eta zorterik onena opa dio talde berrituari.
10. urteurrena ate-joka
Emaitza hauekin, eta bazkideoi eskerrak emanez amaitu genuen 2022ko Batzar Orokorra, zuek baitzarete Goiener Taldearen euskarri eta helburu, are gehiago, bizi ditugun garai ezegonkor hauetan. Zorionez, ez zaigu ospatzeko arrazoirik falta: aurten Goiener sortu genuela 10 urte beteko dira.
Zuei esker, kandelak adina arrazoi ditugu eguneroko lanean jarraitzeko, orain arte bezala, energia-trantsizio justuago eta jasangarriago bat helburu hartuta.