Arrakastatsua izan da Bioterra 2022 azokaren aurtengo ekitaldia. Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka honek, 100 erakusketari baino gehiago elkartu ditu asteburu osoan, Irungo Ficoba erakustazokan.
Tartean izan da, aurreko ekitaldietan legez, Goiener Taldea ere. Bioterra 2022 azokan parte hartzeak, aukera paregabea eman digu gainerako erakusketariekin ondoz-ondo aritzeaz gain, bazkideekin aurrez-aurre elkartu eta iritziak trukatzeko. Hiru egunotan, Goienerren inguruan interesa eta jakin-mina duten herritar asko inguratu dira gure postura, batez ere, energia komunitateez, eta sorkuntza- zein autokontsumo-proiektuez galdezka.
Hitzaldiak eta jarduerak
Azokako jarduerez gain, aurtengo ekitaldiko egitarauan ere presentzia berezia izan du Goienerrek. Irekiera egunean, Yago Goitia Casal Goiener taldeko kideak, “Bioenergia komunitateak: berokuntzan bertako iturri berriztagarriak sustatzeko giltzarria” izeneko hitzaldia eskaini zuen, Eraikiz gunean. BeCoop 2020 proiektuaren baitan, Goienerrek, 10 energia-kooperatiba berriri lehen pausoak ematen eta aholkularitza-lanetan lagundu die, eta esperientzia aberasgarri honen berri eman zuen Goitiak.
Igandean, Chris Merveille goienerkideak hartu zion erreleboa. Merveillek, “Energiaren kontsumo arduratsu eta kontzientea” izenburupean, “Why 2020” proiektuak abiatutako galdeketaren lehen emaitzen berri eman zuen bertaratu ziren ikusleen aurrean. WHY galdetegiaren emaitzak argigarriak izan dira; xehetasun gehiagoz irakurri nahi duenak, esteka honetan du analisia.
Sari berezia Goienerrentzat
Aurtengo ekitaldia berezia izan da gure kooperatibarentzat, antolakuntzak Goiener Taldearen lana saritu baitu, Bioterra azokako erakusketari modura hamarkada oso bat bete dugun honetan.
Goienerren izenean Erika Martinez Lizarraga lehendakariak jaso zuen saria, Monica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamenduko zuzendariaren eskutik.