Atzo aurkeztu zen Goienerren eta Europar Batasunaren eskutik abian jarri den proiektu berria; Leitzan egingo da proba pilotu aitzindaria.
Etxetresna elektrikoetan (hozkailu edo garbigailuetan) ikustera ohituagoak gauden arren, etxebizitza eta eraikinek ere badute euren energia eraginkortasunaren zigilua, ingelesez EPC deiturikoa. Zigilu honek, etxebizitzen isolamendu-, aireztatze- edo CO2 isuri-mailen berri ematen du, eraikina berotu edo hozteko zenbat energia xahutu behar den adieraziz. Kontua da orain arte, herrialde bakoitzak bere irizpideak erabili dituela neurketak egiteko eta datuen egiazkotasuna kolokan jarri dela, datu-bilketaren kalitate eta irizpide faltagatik.
Goienerren eskutik, gabezia honi erantzuna emateko jarri da abian SmartLivingEPC proiektua. Europar Batasunak espreski egindako apustua da, eta energia eraginkortasun ziurtagiriak kalkulatzeko gaur egungo metodologia hobetzea du helburu.
Proiektu pilotua Euskal Herrian
Europako 12 herrialdetako beste 15 bazkiderekin batera, SmartLivingEPC proiektua testatzeko hainbat kasu pilotu jarriko dira martxan: lehenak Grezian, Zipren, Estonian eta Euskal Herrian. Azken hau izango da berezienetakoa, Leitzan (Nafarroa Garaian) egingo dena, udalerrian martxan den energia berriztagarrien komunitatean (EBK) parte hartzen ari diren 6 eraikinen datu errealetan oinarrituko baita.
Eider Iribar Goienerreko kide eta proiektuaren arduradunak aurkezpenean adierazi zuen moduan, ikerketa-lan honek, metodo berritzaileak garatuko ditu, besteren artean uraren kontsumoa, aztarna ekologikoa edo energia-kontsumo errealak kontuan hartuz. Leitzako udala energia trantsiziorako egiten ari den bidean, EBKk sustatzen ari da herritarren artean. Hortik, Leitzako ereduak piztu duen interesa. Proiektu honetarako, 6 eraikin hautatu dira: besteak beste, udaletxea, eskola eta kiroldegia.
Guztira 3 urte iraungo duen proiektua izango da, eta honi lotutako ekintza zein emaitzen inguruko informazioa laster egongo da eskuragarri web-orri honetan.