Argindarraren fakturak ordainsari elektriko berriak ditu iazko urtetik, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) tarifa berriak abian jarri zituenetik. Ordutik, argindarra garraiatzeko eta banatzeko bidesariak kalkulatzeko tarifa berriak indarrean daude.
Aldaketa honek bazkideen artean eta kooperatiba mailan nola eragin duen neurtu asmoz, 2022ko urtarrilean eskala handiko ikerketa-ekintza bat jarri genuen abian, WHY proiektu europarreko kideekin batera, ondorengo puntuak ebaluatuz:
• Tarifa berriei buruzko ezagutza maila eta Goienerreko bazkideengan eragin dituzten aukera berriak.
• Energia-kontsumitzaile mota.
• Profil sozioekonomikoa.
• Emaitzen analisia
Ikerketan, orotara, ia 700 bazkideren erantzunak jaso ditugu. Gehienen iritziz (%62), tarifa-aldaketa ez da neurri egokia izan. Hala ere, %89-ak tarifa aldaketak ekarritako periodo banaketara kontsumoak egokitzeko neurriak hartu ditu. Beraz, esan daiteke bidalitako informazioa eta aholkuak jarraitu dituztela.
Galdetegia erantzun duten bazkideen hornidura kontratuen %95-ak lehenengo etxebizitzei ematen dio argindarra.
Energia-kontsumoari dagokionez, eta kontsumo gehiena etxea berotzeari dagokiola jakinda, beroketa sistemak aztertu dira. Etxe gehienek banakako gas-galdara erabiltzen dute etxea berotzeko.
Sistema elektrikoak aztertuz gero, haien presentzia oso handia ez izan arren, etxe batzuetan termo elektrikoa edo bero ponpa UBS-rako (%16), ibilgailu elektrikoa (%3,2) eta/edo bateriak (%2,6) dituzte. Zifra horiek interesgarriak dira etxeetako elektrizitate-kontsumoa mugitzeko eta/edo malgutasun gaitasuna ebaluatzeko.
Aurrera begirako aukerak eta etxeko-lanak
Etorkizunean ahalmen hori handitu egingo dela esan daiteke, %72 eguzki-plaka fotovoltaikoetan inbertitzeko prest egongo bailitzateke, %29 auto elektrikoetan, %23 bero ponpetan eta %20 baterietan. Ehunekorik altuena plaka fotovoltaikoena da; beraz, etorkizun hurbilean jendeak aukera horren alde egingo duela espero daiteke.
Etxebizitzen datuak aztertuz gero, deigarria da datuen erdia baino gehiago (%56) 2006. urteaz geroztik eraikitako etxebizitzei buruzkoak izatea; eta hala ere, etxebizitzen %16-ak bakarrik izatea C mailako energia-ziurtagiria edo altuagoa. Zalantzarik gabe, eremu horretan lan asko dago egiteko. Lehendabizikoa, etxebizitzen eraginkortasun onak duen garrantziaz jabetzen da.
Energia Komunitateei harrera ona
Nabarmentzekoak dira energia komunitateei buruz lortutako datuak. %36-ak energia komunitate bat zer den argi duela adierazi du. Zer den guztiz argi ez eduki arren (%42) edo zer den jakin ez arren (%18), energia komunitate batean parte hartzeko prest daudela adierazi du hauen %61ak.
Azkenik, esan daiteke gehiengoa ingurumenarekin eta klima-aldaketarekin kontzientziatuta dagoela. Honek, aurreko ondorioak ere justifikatzen ditu.
Azken urtean, kontsumo-murrizketa
Neurgailuen neurketak aztertuta, emaitzetan ikusi da kontsumoa %4,99 murriztu dela 2019/06/01-2020/05/31 eta 2021/06/01-2022/05/31 periodoen artean.
Periodo horietan energia-kontsumoaren banaketan aldaketa eman da, puntako orduetan (%3,25) eta ordu lauetan (%0,42) kontsumoa murriztuz eta sakonunetan (%0,8) handituz. Aztertutako talde sozioekonomiko gehienek joera horri jarraitu diote, nahiz eta talde batzuek portaera ez duten aldatu.
Informazio gehiago
WHY galdetegiaren emaitzak patxadaz eta xehetasun osoz irakurtzea gomendatzen dugu, eta horretarako, esteka honetan klik eginda aurkituko duzue informazio gehiago.
Ondorio hauek galdetegiaren emaitzak aztertuta atera direnak izan dira. Datozen hilabeteetan kontsumo kurbak aztertu eta emaitza zehatzagoak lortuko dira.