2021. urtean abian jarritako ikerketa-lanaren lehen zatia amaitu ondoren, Hidro-Ttipi proiektuko arduradunek eman dituzte argitara azterketen azken emaitzak. Mugaz bi aldetako ur-jauzi txiki, presa eta errota zaharrak xehe ikertzen aritu ostean, aukeratu dira hiru lurraldeetako 6 kasu pilotu egokienak. Orain, tamaina txikiko zentral-hidroelektriko modura eraberritu edo berriz ere martxan jartzeko bideragarritasuna baloratuko da.
Presen azterketa xehea egin ostean, Hidro-Ttipi proiektuko arduradunek 6 kasu identifikatu dituzte, Euskal Hirigune Elkargoan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan (bakoitzean bina):
- Euskal Hirigune Elkargoan: Itsasu eta Labetze.
- Euskal Autonomia Erkidegoan: Lasarte-Oria eta Munitibar.
- Nafarroako Foru Erkidegoan: Zufia eta Oltza zendea.
Guztien artetik aukeratuak 6 izan diren arren, katalogatutako presa, ur-jauzi eta errota txiki guztien datuak jasota gelditu dira, informazio guztiarekin ondarearen mapa bat osatuz.
Hidro-Ttipi proiektua helburu bikoitzarekin jarri zen abian: alde batetik, gure ibaietan abandonatuta eta geldi dauden presak berreskuratzeko, energia hidroelektrikoa iturri fidagarria eta berriztagarria dela frogatuz. Eta bestetik, klima-aldaketaren aurrean herritarrak kontzientzatzeko, bide batez, antzinako presen eta erroten ondareari buruzko ezagutza zabalduz.
Hemendik aurrera, Hidro-ttipiren emaitzak, Nafarkoop-sorkuntzak eskaintzen dituen zerbitzuen dossierrera gehituko dira. Honek, lehenik eta behin, zentral hidroelektrikoak martxan jarri ahal izateko aurretiazko zerbitzuak eskaintzeko aukera emango digu. Era berean, baita instalazioak identifikatzeko eta berreskuratzeko baldintzak zehaztekoa ere, berriz martxan jarri ahal izateko laguntza-programa espezifikoak identifikatuz.
Hidro-Ttipi proiektuak, I-ener, Nafarkoop eta GoiEnerren arteko lankidetza du oinarri, eta NAEN Euroeskualdearen «Ezagutzaren Ekonomia» programaren finantzaketa jaso du.