Oporraldian indarrak hartuta, gogotsu ekin diogu goienertarrok irailari. Ikasturte berriak ekarriko dizkigun erronkei heltzeko irrikaz gaude, 10 urte ez baitira egunero betetzen! Aurten, gure kooperatiba herritarrak hamarkada bat egingo du, energia guztiona eta guztiontzat izan dadin lanean.
Gordeak ditugun sorpresak jakinarazi aurretik, egin lekua zuen agendetan azaroaren 12tik 19rako asteari. Baina, aurrez, har dezagun tarte bat iraileko uzta biltzeko:
Aurtengo udazkena urtaro oparoa izango da GoiEnerren laguntza eta aholkularitza jasotzen ari diren energia berriztagarrien komunitateentzat, horietako batzuk, urtea amaitu aurretik eratuko baitira. Horrez gain, laster argitaratuko ditugu EBKk sortzeko gida eta web orria.
Begi bat etxera begira daukagu, eta bestea kanpora, proiektu europarrak abiadura bizian baitoaz aurrera. Presa zaharrak berreskuratzea helburu duen Hidro-Ttipi proiektuak, jakinarazi berri ditu urte t’erdiko ikerketaren emaitzak, eta zehaztu ditugu berreskuratuko diren 6 kasu pilotuak.
Ekainean aurreratu genizuen proiektu europar berriak ate-joka zetozela. Ba, poz handiz iragarri nahi dizuegu, abian dela SmartLivingEPC. 3 urteko proiektu honek, eraikinen diseinua eta kalitatea aztertzea du helburu, energia-trantsiziorako prest egon daitezen. Aurkezpenean Eider Iribar arduradunak azaldu modura, Leitzak (Nafarroa) hartuko du parte komunitate-pilotu modura.
Mugikortasunak ere kezkatzen gaituenez, pozarren gaude irailean Eraman kooperatibarekin adostutako hitzarmenarekin. Gasteizko hiriko kaleetara “iraultza garbia” ekartzeko, kolaborazio akordio bat egin dugu bertako garraio-zerbitzuarekin, Alde Zaharreko banaketarako erabiltzen duten zama-ibilgailu aitzindariak, gure argindar berriztagarri eta kooperatiboz hornitua izateaz gain, Goienerren babesletza eraman dezan atoian.
Sorkuntza ipar hartuta, inguruko eragileekin pausoak ematen ere jarraitzen dugu: irailean sinatu dugu akordioa Zaldibiako Udalarekin, teilatuetan eguzki-panelak jartzeko. Hain justu ere, Durangoko bi ikastolaren (Kurutziaga eta Ibaizabalen) auto-kontsumorako instalazioak martxan jarri diren hilabete berean.
Berritasun modura, jakinarazi nahi dizuegu laster prest izango dugula Gasteizko bulego berria, Konstituzio plazan. Aurrez aurreko arreta eskaintzeaz gain, bulego hau ekintza ezberdinetarako bazkideon topaleku izatea nahi genuke, ALEA aldizkariak argitaratutako elkarrizketa honetan adierazi genuen bezala.
Sareetako komunitatea ere hazten doa gurean. GoiEnerren telegram kanalak 1.000 harpideduneko langa igaro du berriki, eta argindarraren orduz orduko prezioen jakinarazpenak jasotzekoak berriz, 2.000 harpidedunekoa.
Bestalde, gogoan izan, beste sare sozialetan ere jarrai gaitzakezuela Facebook, Twitter, Linkedin, Youtube eta Mastodon bidez.
Gure aldetik besterik ez, GoienerBerri albiste freskoz beteta etorriko da urrian.
Zaindu zaitezte.