Pasa den irailean, “Energiari ikuspegi sozialetik heltzeko” Powerpoor jardunaldiak egin ziren bi egunez Hernanin, GoiEnerrek Hernaniko Udalarekin eta Enherkom energia komunitatearekin elkarlanean antolatuta. Ekimen kolektiboak eta pobrezia energetikoa izan zituzten hizpide, jardunaldietara gonbidatutako hizlariek eta bertaratu zirenek.
Herri-mailako esperientziak erakundeenekin uztartuz, harrera beroa jaso zuten hitzaldiek. Horren adibide da, ia 100 lagunek jardunaldiak bertatik bertara edo modu telematikoan jarraitu izana.
“Energia, gai soziala da”
Jardunaldiei hasiera emanez, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak hartu zuen hitza, Mikel Tolosa Enherkomeko idazkariarekin batera. Biteri kultur etxera bertaratuak agurtu ostean, Maria Arretxe GoiEnerreko kideak hizlariak oholtzara gonbidatu zituen.
“Energia gai sozial bat da” izenburupean, Olatz Azurza EHUko irakasleak energiaren gaur egungo joerak azaldu zituen, besteak beste, prezioen gorakadaren arrazoiak eta horren eraginak. Azurzak irtenbiderik egotekotan, kolektiboa izan beharko duela azpimarratuz amaitu zuen hitzartzea.
Bigarren hitzaldian “energia komunitateak” izan zituzten hizpide Fermin Arruabarrena Enherkomeko kideak, eta Goienerreko Energia Berriztagarrien Komunitateen (EBK) arduraduna den Oier Etxebarriak. EBK bat zer den eta berau sortzeko arrazoiak xehe azaldu zituen Etxebarriak, pobrezia energetikoari aurre egiteko erreminta baliagarria dela ondorioztatzeaz gain.
Arruabarrenak, bere aldetik, Hernaniko energia kooperatiba sortzeko arrazoiak gogoratu zituen, eta herritarrak ahalduntzea izan zela energia komunitateari ekiteko ezinbesteko giltza.
Pobreziari nola aurre egin?
Jardunaldien bigarren eguna Iturola kultur sorgunean egin zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari, Garbiñe Olaberriak Behatokiak egindako ikerketetako datuak oinarri hartuta, Aldundiak pobrezia energetikoa arintzeko zer neurri hartu dituen azaldu zuen.
Erakundeez harago, herritarren ekimen kolektiboek ere zeresan handia dutela defendatu zuen GoiEnerreko Maria Arretxek. Bere hitzartzean, Powerpoor proiektua zer den argitu zuen: kooperatiba estatu mailan koordinatzen dabilen proiektu europarra, pobrezia energetikoari aurre egiteko baliabide eraginkorrak eskaintzen dizkiena herritarrei nahiz erakundeei.
Jarraian, herritarren eta erakundeen elkarlanak fruituak eman ditzakeela agerian uzteko, energia ikuspegi sozialetik lantzeaz gain beste hainbat gairi ere ikuspegi komunitariotik heltzen dion Hernani Burujabe herri proiektuaren xehetasunak eman zituen Xabier Lertxundi alkateak.
Jardunaldiei “Energia bulegoak eta herritarren ahalduntzea” mahai-inguruak eman zien amaiera. Hizlari lanetan David Labeaga (Punto InfoEnergía – TEDER), Ainara Lasarte (Oarsoenergia – Oarsoaldea) eta Fermin Arruabarrena (Enherkom) aritu ziren. Hirurek azpimarratu zuten herritarrak informatu eta ahalduntzearen garrantzia, eta egoerari aurre egiteko ezinbestekoa dela saretzea eta elkarrekin lan egitea.
Proiektuaren nahiz jardunaldien inguruko informazio gehiago web orri honetan.