Goienerrek 10 urteak ospatzeko lehen ekitaldirako Nafarroako mendialdea aukeratu zuen. Pasa den larunbatean Leitzako Herri Antzokian energia berriztagarrien komunitateen (EBK) topaketak antolatu zituen, hegoaldeko lau lurraldeetako EBKen ordezkariak bildu ziren bertan.
Nafarroako Mendialdeko EBKen egoera anitzak badu antzekotasun bat Euskal Herriko gainerako EBKen egoerarekin: badira dagoeneko urrats nabarmenak eman eta oso aurreratuak dauden EBKak, baita hastapenetan daudenak, eta nola ez, badira energetika haundietatik goitik beherako eredu itxiarekin paketatutako EBKak jaso dituztenak ere. Leitzako jardunaldian bildu ginen EBKak noski, gutxi dugu eredu paketatu horretatik, hautua egin baitugu gure bideak bazkideen hausnarketa, eztabaida eta EBKaren burujabetza kontuan hartuta egiteko.
Derrigorrezko aurkezpenen sarrerako saioaren ondoren, bertaratuak hiru lantaldeetan banatu ziren: energia-proiektuen inguruan ariko zirenak, komunikazioaz jardungo zutenak eta azkenik alor juridiko-administratiboa landuko zutenak. Talde bakoitzean EBK ezberdinetan orain arte izandako kasuak eta funtzionatu duten ekintzak partekatu zituzten. Hamaiketakorako geldialdiaren ondoren aldiz, etorkizunean EBKek aurreikusten dituzten erronkak jarri zituzten mahai gainean.
Ondorio gisa EBKen arteko elkarrekintzan, laguntzan eta ezagutza partekatzen lagunduko duen elkarte edo bigarren graduko kooperatiba baten beharra azpimarratu zen. Nahiz aurrez uste baino egiteko lan gehiago dagoela ohartu, ilusioz eta bigarren EBK topaketa baten beharra azpimarratuz amaitu zuten hausnarketa bertaratuek.
Azkenik, goiza amaitzeko, energiakomunitateak.goiener.eus webgunea aurkeztu zuten Goienerreko arduradunek, bertan deskarga daiteke EBK bat nola sortu azaltzen duen gida, Goiener laguntzen ari den EBKen mapa ere argitaratu dute eta baita EBKen aurkezpen hitzaldietan bildutako galdera ohikoenak (FAQ) biltzen dituen atal mardul bat ere.