Goiener eta Boga Garagardoek “Goiener 10 urte” garagardo berezia aurkezten dute, energia berriztagarrien kooperatiba sortu zeneko 10. urteurrenean. GoiEnerrek 10 urte daramatza «energia denona eta denontzat» izan dadin lanean, eta urteurren berezi hau baliatu du bidean lagun eta bazkide duen Boga kooperatibarekin elkarlan berritzaile hau abian jartzeko.
Urteurrenerako diseinu propioa lantzeaz gain, bi kooperatibek indarrak batu dituzte, ospakizun giroan bada ere, “argindarrak herriarendako” izan behar duela aldarrikatuz.
Aurre-salmenta webgune bidez
Boga Garagardoen webgunean dago eskuragarri “GoiEner 10 urte” garagardo berezia (argindar berriztagarriz eta bertako lehengaiekin egina; baita glutenik gabea eta beganoa ere); baina erne, edizio mugatua duenez, zure eskaria lehenbailehen egitea aholkatzen dizugu, ale preziaturik gabe geratu ez zaitezen.
Aurkezpena, azaroaren 18an
“GoiEner 10 urte” garagardoa aurkezteko, festa-ekitaldi berezi bat antolatu da azaroaren 18an, Bilboko Bira Kulturgunean. Bertan, izena eman duten GoiEner kooperatibako bazkideek, Bogako lagunek gidatutako garagardo-dastaketa esklusibo batean parte hartzeko aukera izango dute. Mokadu goxo batez gozatzeaz gain, festa borobiltzeko Jon Martinez “Txiki”-k jarriko dio umore puntua gauari, “40 urte eta aldapa behera niek” bakarrizketa saioarekin.