Hunkituta eta esker onez betea dator hilabete honetako GoienerBerri, azaroa kooperatibaren hamargarren urteurrena ospatzeko hilabetea izan baita.
Ezer baino lehen, mila esker Villabonan egindako ekitaldi nagusira hurbildu zineten bazkide, hizlari eta lagun guztioi. Zoragarria izan zen hamarkada oso bat zuen alboan ospatzea.
Eskerrik asko urteurreneko gainerako ekitaldietan parte hartu duzuenoi ere; arrakastatsuak izan dira Leitzan egindako energia berriztagarrien komunitateen I. topaketa edo Bilboko BIRA kulturgunean ospatu genuen “Goiener 10 urte” garagardo bereziaren aurkezpen-festa ere.
Horretaz gain, 10. urteurrenak opari polita ekarri digu: Gasteizko bulego berria estreinatzeko aukera. Irekiera-festa zoragarria izan zen eta ez nolanahiko gonbidatuarekin, gainera: Oriol Malló idazle kataluniarrak “Iberdrola txostena, zergatik kapitalismo berdeak ez duen mundua salbatuko” liburua aurkeztu zuen.
Ezin harroago gaude bazkideez, eta zuk ere sare-sozialetan Goiener zoriondu nahi baduzu, ez ahaztu #Goiener10urte traola erabiltzea!
Azaroa berritasun askoren hilabetea izan da. Besteak beste, azken boladan lanean gogor jardun ostean, martxan jarri dugu energia berriztagarrien komunitateei jarraipena egiteko web orria. Bertatik deskargatu zenezake Elhuyar taldearen laguntzarekin ondu dugun EBKak sortzeko gida.
Baita proiektu asko gauzatu diren hilabetea ere. Esate baterako, Goienerrek garatu duen lanari esker, martxan daude dagoeneko Beasainen (Gipuzkoa) kiroldegiko autokontsumorako plaka fotovoltaikoak.
Etorkizunak bide hori sakontzea eskatzen digula jakitun, Goienerren sorkuntza taldea indartzeko apustua egin dugu, proiektuen teknikari bat kontratatzeko hautaketa prozesua martxan jarriz. Horretaz gain, berriki Eusko Legebiltzarrera gonbidatu gaituzte, autokontsumoa errazteko lege proposamenari buruzko ekarpenak egitera.
Ezin aipatu gabe utzi, Irene Baños eta Judit Alonso kazetariek argitaratu duten «Aldaketaren akziodunak» elkarrizketa-liburua ere. Klimaren eta ingurumenaren aldeko konpromisoagatik nabarmendu diren hainbat arlotako zortzi pertsona elkarrizketatu dituzte, eta tartean da Erika Martinez, Goienerreko presidentea.
Agenda bete-betearekin ibili gara hilabete osoan zehar, hainbat hitzaldi eta jardunalditan egon baikara (Bergara, Tolosa, Karrantza, Gasteiz, Bilbo, Durango…). Gogoan izan, hemerotekan aurkituko dituzuela azaroan zehar prentsan, sarean edo irrati zein telebistetan Goienerri buruz egindako aipamen guztiak.
Gure aldetik besterik ez, urte berriarekin batera, urtarrilean itzuliko da GoienerBerri, hutsik egin gabe.
Zaindu.