Azkenean, iritsi da GoiEner kooperatibaren hamargarren urteurrena ospatzeko garaia. Haur bat bere urtebetetze eguna ospatu bezperan bezain gogotsu gaude!
Ekitaldia nagusia, azaroaren 19an egingo da Villabonan (Gipuzkoan). Goizean hitzaldi interesgarriak izango dira Geurea Antzokian, eguerdian bazkari erraldoia egingo dugu eta arratsaldean ez da musika eta festarik faltako. Eman izena lehenbailehen, galdetegi hau betez!
Urteurrenaren aitzakian, sorpresa ederrak dauzkagu. Bogako lagunekin elkarlanean sortu dugun “Goiener 10 urte” garagardo berezia, adibidez. Webgune honetan eskaria egiteko aukera duzue, eta bazkide guztiok gonbidatuta zaudete azaroaren 18an Bilboko BIRA kulturgunean ospatuko dugun aurkezpen ekitaldi, garagardo dastaketa eta ondorengo festara! Bete inprimakia eta zatoz!
Ospatu dezagun 10. urteurrena, eta zabaldu sare-sozialetan #Goiener10urte traola lau haizetara!
Energiaren gaia pil-pilean dago, eta jakin-min hori baliatuz, alternatibak eskaini eta herritarrak ahalduntzea da gure egiteko nagusia. Bide horretan, Bioenergia-komunitateak nola sortu azaltzeko Irurtzunen egindako BECoop formazioek, adibidez, harrera beroa izan dute. Hilabete borobila izan da, Hernaniko Powerpoor jardunaldiak ere, nola edukiz hala erantzunez, arrakastatsuak izan direla jakitun.


Azken hilabetetan zehar buru-belarri ibili gara herriz-herri energia komunitate berriztagarriak sortzen laguntzen, eta baita eratuta daudenei aholkulari-lanak egiten ere. Egun gutxi barru, gure web orria martxan egongo da, eta bertan eskuratu ahal izango duzue EBKak sortzeko gida ere.
Agenda bete-betearekin ibili gara hilabete osoan zehar, hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta azokatan egon baikara (Bilbo, Donostia, Ermua, Iruñea, Gasteiz…) baita Koop57 antolatutako hausnarketa jardunaldietan ere. Gogoan izan, hemerotekan dauzkazuela prentsan, sarean edo irrati zein telebistetan GoiEnerri buruz egindako aipamen guztiak.
Gure aldetik besterik ez, GoienerBerri albiste freskoz beteta etorriko da datorren hilabetean.
Zaindu.