Kooperatiba herritarra sortu zenetik hamarkada oso bat bete den honetan, pasa den larunbatean ospakizun giroan egin zen ekitaldi nagusia Villabonan (Gipuzkoa).
Hausnarketa eta festa uztartuz, egitarau bete eta interesgarriaz gozatzeko aukera izan zuten Gurea antzokira inguratu ziren bazkideek eta lagunek. Gonbidatuen artean, Ion Ansa politologoa, Elisa Sainz de Murieta EHUko irakaslea, Charo Morán biologoa eta Juan del Río idazle eta hezitzaileak hitzaldi interesgarriak eskaini zituzten.
Gidari lanetan Maider Galardi F. Agirre eta Zuriñe Rodriguez kazetariak aritu ziren, eta guztien esanak maisuki irudietara eraman zituen Pernan Goñi marrazkilariak.
Ekitaldiari amaiera borobila emateaz Badut Taldeko taldeko lagunak arduratu ziren euren clownclusioekin, goiz osoan esandakoak umorez bilduz eta ikusleak barrez lehertuz.
Goizeko saioen ostean, festak aurrera jarraitu zuen. Bazkideek mahai-bueltan bazkaldu ostean, bakoitzak festa nahi adina luzatzeko aukera izan zuen EinGo musika taldearen erritmoan.
Ostegunean Oriol Mallóren hitzaldia
10. urteurreneko ekitaldiek ez dute etenik. Goienerrek antolatuta, datorren ostegunean, azaroak 24, Oriol Mallóren hitzaldia izango da Gasteizko Europa Jauregian. Kazetari kataluniarrak “El informe Iberdrola, por qué el capitalismo verde no salvará el mundo” liburua aurkeztuko du.
Ondoren, bazkide guztiak gonbidatuta daude Gasteizko bulego berriaren irekitze-festara.