Aurreikuspenak betez, jendetsuak eta emankorrak izan ziren pasa den larunbatean Koop57k antolatutako hausnarketa jardunaldiak. “Gure aurrezkiekin bidezko trantsizio ekologikoa eraikitzen” goiburupean, elikadura, energia eta finantza burujabetzen inguruko hitzaldi eta tailer interesgarrietan parte hartzeko aukera izan zuten Lazkaoko Biziola fabrikara inguratu ziren herritarrek.
Maryse Cachenaut itsasuarra arduratu zen jardunaldiak irekitzeaz, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta Lurzaindiaren berri emanez. Ondoren, David Fernandez kataluniarrak Coop57 finantza-zerbitzuen kooperatibaren historia luze eta eredugarria laburbildu zuen.
Biziolako kideek gidatuta fabrika bisitatu ostean, tailerrei ekin zitzaien. Bi taldetan banatuta, Goienerren eskutik, trantsizio energetikoaz jardun zuten batzuek, eta besteek elikadura burujabetzaz, Etxalde baserritarren mugimenduko kideen laguntzaz.
Erronka ekonomikoaren aurrean, finantza etikoak
Krisi garaiotan, orohar, elkar babesteko erarik onena, modu kolektiboa dela azpimarratu zuten hizlari guztiek aho-batez. Alor ekonomikora etorrita, aldiz, parean ditugun erronka ekonomikoei aurre egiteko Koop57ren gisako finantza zerbitzuak babestu beharra azpimarratu zuten, bazkide egiteak edo aurrezkiak hara eramateak ekar ditzakeen abantaila sozialak azalduz. Bestela esanda, eta antolatzaileek azaldu zuten moduan, “hobe gure aurrezkiak balore etikoak eta solidarioak dituen finantza-zerbitzu batean eduki, armagintza, gerra edo espekulazioa sustatzen duten entitate batean baino.”
Argazkiak: Biziola