Eguraldia lagun, Gipuzkoako Ingenieritza Eskolako 30 ikaslek egun-pasa berezia egin zuten atzo Ereñotzu eta Hernanin. Berriki, Energia Berriztagarrien Ingenieritza graduaren baitan, pobrezia energetikoaren gaia lantzeko Powerpoor formakuntza jaso dute, eta atzo, landa-lanean aritzea egokitu zitzaien Goienerreko eta Enherkomeko kideen gidaritzapean.
Santi Ochoa de Eribe Goienerreko zuzendariak Ereñotzun kokatua dagoen Fagollaga zentral hidroelektrikoaren inguruko azalpenak eman zizkien, eta ikasleek adi entzun zituzten uraren mugimendua baliatuz argindarra lortzeko sistemaren inguruko xehetasunak.
Ondoren, EHUko ikasleek Iturola elkarlan sorgunera jo zuten, Hernaniko energia berriztagarrien komunitatearen (Enherkom) proiektuaren nondik norakoak ezagutzera. Izan ere, pobrezia energetikoa lantzen dabil Enherkom, beste gai batzuen artean, eta Powerpoor proiektuaren laguntza jaso du bide horretan. Orain, besteak beste, Hernaniko udalak ireki duen energia-bulegoa kudeatzen du energia komunitateak, eta hori ezagutzeko aukera ere izan zuten ikasleek.
Galdera eta erantzun interesgarriekin amaitu zuten goiza, ikasgelatik kanpo eta naturaz gozatuz ere asko ikasi daitekeenaren erakusgarri, eta energiaren arlo teknikoaz gain begirada sozialaren inguruan hausnartzeko aukerarekin.