2022KO MEMORIA SOZIALA ETA MEMORIA EKONOMIKOA
2023KO KUDEAKETA PLANA ETA AURREKONTUA
AURKIBIDEA
1. HITZAURREA
2023ko urtarrila. 3 urte igaro dira pandemia hasi zenetik, konfinamenduak. Garai nahasiak eta markatu gaituztenak, batez ere emozioei eta harremanei dagokienez. Sozialki, badirudi espazioak eta dinamikak berreskuratzen ari garela, baina nork daki zenbat kostatu(ko) zaigun, zentzu guztietan. Gauza asko 3 urtean, baina atzeragotik dator oraingo unea markatzen duen auzia: 2008ko finantza-krisia deiturikoak inflexio-puntua markatzen zuen munduko eredu ekonomiko osoarentzat. Aro baten amaiera da? Baliteke, baina gogor eusten dio hala ere.
Ziurgabetasun handiko garaietan bizi gara. Imajina al genezakeen azken 3 urteotan gertatu den guztia? Ez da ziurgabetasuna bakarrik. Bizi garen gizarteak antolaketa-konplexutasun handiko ezaugarriak ditu. Horrek energia HANDIA eskatzen du, eta ez bakarrik ikuspegi figuratu batetik, baita ikuspegi fisiko, ukigarri eta material batetik ere. Eta, bestalde, gure ama Lurrari milioika urtetan metatutako energia guztia ateratzen (espoliatzen?) jarraitzeko gaitasuna murrizten ari da. Ondorioa? “Jaitsiera” hori bizitzaren eta gizartearen maila guztietara eramango da. Energia gutxiago, konplexutasun txikiagoa, mugikortasun txikiagoa. Azken bi urte hauetan ondo gogoan dugun sintoma bat inflazioaren igoera da, eta nola eragiten digun poltsikoetan, erosteko ahalmenean.
Non uzten digu honek guztiak GOIENERi? Gugan ere badu eragina, eta horren froga izan da 2021eko urritik 2022ko urrira bitarte igaro genuen itsasaldi gogorra. Aldi horretan bereziki kritikoak izan ziren finantza-arazo guztiak konpondu ahal izan ditugu, hein handi batean, gure masa sozialaren konpromisoari esker. Dena den, merkataritza-jarduerarekiko mendekotasun handiarekin jarraitzen dugu. Kostatu egin zaigu sektoreko lehiakortasunari eustea, erosteko ahalmenaren galerari buruzko alderdi orokortuak eta 2022an korporazio handiei mesede egin dien sektore elektrikoari buruzko araudiak eraginda.
Aieneka eta epe laburreko irakurketa negatiboan geratu behar al dugu? Ez. Guztiz kontrakoa. Gure sustraietara itzuliko gara, eta egungo agertokiak hausnarketa estrategikoa egitea errazten digu. Prozesu horrek hainbat ondorio dakartza:
- Ez gara merkaturatzaile bat, kooperatiba energetiko bat gara (taldea), eta merkaturatzea tresna bat da (gehiago) subiranotasun energetikoa, bidezkoa eta bizi garen ingurunearekiko errespetuzkoa sustatzeko helburu nagusian.
- Gure eskaintzaren prezioa hobetu behar dugu, gure bazkideen erosketa-errealitatera egokituz.
- Honako ekintzak sustatu eta indartu behar ditugu:
- Energiaren kontsumoa murriztea (beroa, garraioa, elektrizitatea), erabilitako iturria edozein dela ere
- eta energia berriztagarrien hedapena ahalik eta modu banatuenean gure bazkideen artean, bai eremu termikoan (ur beroko berokuntza), bai elektrikoan.
- Gure sorkuntzarako eremuak identifikatuko ditugu bizi garen ingurunea eta beste herri eta eskualde batzuk arriskuan jarri gabe; eskala handiagoan zabal daitezkeenak.
- Komunitate energetikoak sortzen jarraituko dugu, prozesu komunitarioak bizkortzen lagunduko duten foku gisa, gure gizartearen erresilientzia globala areagotzeko, gure gabezia energetikoa motibazio kolektiborako palanka gisa aprobetxatuz.
- Gehien sufritzen ari direnak ahaztu gabe; izan ere, zoritxarrez, beti daude behartsuak gure artean, baina ez diogu borroka egiteari utziko, gure ondoan bizi diren eta guk baino gehiago sufritzen duten pertsona askoren bizi-baldintzak, krisi energetiko eta sozial honen ondorioak, hobetzearen alde.
10 urte daramatzagu esaten eta predikatzen, kontua ez dela soilik egiten duguna, baizik eta nola egiten dugun. Ez da itxura kontua, izateko modua baizik. Askatasuna, erantzukizuna, konpromisoa eta elkartasuna bilatzen eta sustatzen dituen estiloa. Bakoitzak bere astoari arre egiteko joera eta tentazioa nagusitzen ari diren honetan, gauzak elkarrekin egin nahi izatea defendatzen eta praktikatzen dugu, elkarri babesa ematea, erabakiak modu partekatuan hartzea, eta gu bezala arnasten duten beste mugimendu batzuekin aliantzak egitea.
Erronka garrantzitsua da, baina badakigu elkarrekin egin daitekeela, eta ilusioz gainezka gaude.
2. JARDUEREN MEMORIA
2.1. 2022ko TESTUINGURUA ETA HELBURUAK
- Sektoreari eragin dioten gertakari garrantzitsuak
Errusiak Ukraina inbaditzeak eta Errusiak Europar Batasunarentzako gas naturalaren esportazioak murrizteak gas naturalaren prezioak nabarmen igotzea eragin zuen nazioarteko merkatuetan. Aurrekaririk gabeko gas naturalaren prezioen igoera horren eta espekulazioaren ondorioz CO2 isurtzeko eskubideen prezio altuek Europako argindar-merkatuetan prezioen igoera eragin zuten; gasaren kasuan ia 250 €/ MWh-ra iritsiz; eta CO2aren kasuan 90 €/ MWh-ra.
Egoera horren ondorioz, 2022. urtean 167,72 €/ MWh-ko batez besteko preziora iritsi ziren Energia Elektrikoaren Iberiar-Merkatuan (MIBEL), eta, martxoan, Ukrainako gerra hastearekin batera, eguneko merkatuaren batez besteko prezioa 600 €/ MWh-tik gorakoa izan zen.
Krisi energetiko horri premiaz aurre egin ahal izateko, eta Europar Batasunak epe laburrerako neurririk hartu ez zuenez, Espainiako Gobernuak zenbait errege lege-dekretu argitaratu zituen krisiaren aurkako neurri gisa.
Neurririk aipagarriena izan zen Gasa Doitzeko Mekanismoa ezartzea da ―salbuespen iberikoa izenez ere ezaguna―, bere garaian 2023ko maiatzera arte onartua eta 2023an urte amaierara arte mantendua. Mekanismo horren bidez, fosil bidezko sorkuntzan diharduten zentralen eskaintzen prezioa murriztea lortzen da, eta, horren ondorioz, MIBELaren azken prezioa murrizten da. Merkatu horretan, Europako preziorik baxuenak erregistratzen dira mekanismo horren ondorioz, nahiz eta merkaturatzaileen arteko lehia askea larriki urratu, enpresa elektriko handiek talde barruko energiaren erosketa guztia itxi ahal izatea ahalbidetzen duelako.
Igorleak ez diren teknologiei gehiegizko ordainsaria murrizteko mekanismoa ere luzatzea erabaki zen, Ukrainako gerrari erantzuteko Plan Nazionalaren baitan.
Europar Batasunak onartu zuen argindar-merkatuen prezioaren gehieneko muga +4.000 €/ MWh-ra igotzea.
Bestalde, are gehiago murriztu zen BEZa 10 kW-etik beherako potentzia kontratatua duten kontsumitzaileentzat (etxekoak nagusiki), %5eraino. Gainera, urte amaierara arte luzatu ziren 2021ean onartutako gainerako neurri fiskalak; hau da, argindarraren gaineko zerga berezia %0,5ean mantendu zen eta ekoizpen elektrikoaren balioaren gaineko zerga %0an. Bonu soziala finantzatzeko mekanismoa ere aldatu zen.
Era berean, kontsumitzaileak prezio altuen aurrean babesteko eta hornidura ziurtatu ahal izateko, eskariari erantzun aktiboa emateko zerbitzu puntual bat antolatu zen. Zerbitzu horren bidez horniduraren jarraipena ziurtatu nahi izan zen eskasia egoeretan.
Gaur egun, Europako erakundeek jarraitzen dute energia-krisi horri aurre egin nahian, energia-merkatuen egoera konplexu horri aurre egiteko azken txosten bat egiteko.
Azpimarratu behar da, oro har, 2022.ena boom-urtea izan zela sektoreko autokontsumo fotovoltaikoarentzat, batez ere honako aldagai hauen eraginez:
- Energiaren prezio altuen ondorioz, autokontsumoa oso kontuan hartu beharreko aukera bihurtu da, batez ere enpresa askoren bideragarritasunerako.
- Araudian egindako aldaketak; izan ere, 2022aren amaieran onartu zen autokontsumo kolektiboetarako distantzia handitzea, 500 metroko erradiotik 2 km-ko erradiora (eraikinen estalkietan jartzeko FV teknologiarako). Horrek ekonomikoki bideragarriagoak bilakatzen ditu proiektuak horiek.
- Laguntzek (EEE, Aldundiak, DUS5000) ere mesede egin dute autokontsumoaren interesa handitzen.
Autokontsumoari dagokionez, oztoporik handiena izaten jarraitzen dute banatzaileek. Enpresa horiek autokontsumo-espedienteei ematen dieten erantzuna oso motela da.
Europako eta espainiar estatuko testuinguruan, laguntza publikoen erabilpen masiboa da esparru horren ezaugarria (Europako Funtsetatik datozenak, proportzio handienean), eta estatuko, lurraldekako eta/edo tokiko administrazioek kudeatzen dituzte. Erabilpen horren ondorioz, “trantsizio” energetikoa deiturikora bideratutako etorkizuneko baliabideak (zorra) injektatzen ari dira.
Testuinguru horretan, korporazio handiak dira aipatutako laguntzak bereganatzen ari direnak ―nahiz eta beraiek izan, neurri handi batean, sufritzen ari garen klima-aldaketaren ondorioen erantzuleak―. Funtsean, “trantsizio-prozesua” beharrean, “transakzio-prozesua” izango da, eta, beraz, eragile energetiko handiak beren adar juridiko, legal, finantzario eta operatibo guztia martxan jartzen ari dira baliabide horiek eskuratzeko.
Hori dela eta, GOIENERek hainbat frontetan borrokatu behar du; alde batetik, kontaketaren frontean, laguntza gehienak energia-merkatua kontrolatzen duten korporazio berberei dagozkiela esateko; eta, bestetik, operatiboan, laguntza-lerro guztiak aldi berean agertzeak zera dakarrelako: deialdi mota bakoitza aztertzea, egokitasun politikoarekin eta helburu estrategikoekin kontrastatzea eta horiek prestatzea. Ildo horretan, Europako deialdiak (Horizon, LIFE) eta IDAEtik mobilizatutako estatu-mailakoak, batez ere, aukera bat eta aldi berean mehatxu bat izaten ari dira (ez aurkeztea da handiei deialdien %100 eramateko bidea ematea).
Konkretuak izanda, aztertzen ari garen eremuak lotuta daude energia-komunitateei, malgutasunari edo eskariaren kudeaketari, biltegiratzeari eta pobrezia energetikoari, lehentasuna emanez herritarren subiranotasunaren, kontrol efektiboaren eta autonomiaren arloan nabarmentzen diren deialdiei.
Laburbilduz, oro ez da urre, eta gaur iritsiko diren laguntzak bihar bukatu daitezke. Beraz, gure bazkideei gonbidapena luzatzen diegu energiaren arloan iristen zaizkien proposamenekin kritiko izatera eta une oro galdera hauek egitera: nork sustatzen du?, zer irabazten dute horrekin?, gizarte gisa hipotekatzen gaitu ala erresilienteagoak egiten gaitu?, burujabeagoa izango naiz, benetan erabakiak hartu ahal izango ditut?…
- Plan Estrategikoaren deskargua.
Aurreko atalean deskribatu dugun testuinguru aldakorrean, GOIENERek epe laburreko azterketa estrategikoa egin zuen. Metodologia-estrategiari helduz, argi ikusten da joera dugula etengabeko hausnarketa prozesu baterako, eskema honek adierazten duen bezala: