Urte Berri on goienerkideak,
Egutegi berria kakoan jarri eta erronka berriei ekin aurretik, pasa den urtearen balantzea egitea dagokigu. Izan ere, 2022a gorabeheraz eta zailtasunez beteriko urtea izan da, baina, hala ere, oroitzapen politak utzi dizkiguna: Goienerren 10. urteurrena ospatu dugu, Korrikaren babesle izan gara, lehen energia berriztagarrien komunitateak eratzen ikusi ditugu… Ez dugu uzta makala jaso, ez horixe!
Iaz, mundu-mailako krisi ezberdinek eta onartu ziren arau berriek kolokan jarri zuten Goienerren merkaturatzaile-jarduera. Egoeraren larritasuna ikusita, Aparteko batzarra ere egin genuen martxoan, eta bazkideok hartutako erabakiei esker, indartuta atera ginen, merkatuaren gorabeherei aurre egiteko erreminta eraginkorragoekin.
Urte osoa zenbakitan laburtzea nekeza den arren, datuek diote, 2022an ere hazten jarraitu zuen Goienerrek: ia 1.500 bazkide berri batu ziren kooperatibara, eta 17.000ko langa gainditzeko zorian geratu zen. Ondorioz, geroz eta energia gehiago kudeatzen dugu.
Bestalde, energia berriztagarrien komunitateak sortzeko laguntza ematen hasi ginenetik, dagoeneko, 6 EBK eratuta daude (Getarian, Hernanin, Itsasondon, Lea Ibarran, Orexan eta Zumaian); fase ezberdinetan egon arren, berriz, 14 dira sortzeko bidean daudenak (Balmaseda, Bergara, Ea, Elgeta, Elorrio, Errenteria, Etxauri, Leitza, Oiartzun, Otxandio, Urduña, Usurbil, Zestoa eta Ziortza-Bolibar).
Gure bulegoen inguruko berritasun ugari ere baditugu. Esate baterako, lekuz aldatu ondoren, Gasteizko bulego berriko ateak irekita daude dagoeneko (irekiera-festa ospatu genuen orain hilabete, bazkide eta lagun artean), eta laster hasiko gara Arrasateko bulegoan ere bazkideei arreta eskaintzen.
Europar Proiektuek ere martxa ederrarekin hasi dute urtea eta urtarrilaren 26an “Ekimen arrakastatsuak lortzeko sinergiak nola sortu” webinarrean parte hartuko dugu, bioenergia lantzen duen BECoop proiektuaren baitan. Gaiaz informaturik egon nahi baduzu BECoop proiektuko buletinera harpidetu zaitezke eta zure postan jaso ditzakezu albisteak. Argitaratu berri da 4. zenbakia!
Bestetik, zure etxeko egoera energetikoa aztertu eta hobetzeko premiarik bazenu, gogoan izan Powerpoor proiektuaren formakuntza jaso duen ahokulari baten bisita jaso zenezakeela, esteka honen bidez eskaria eginda. Horretaz gain, Powerpoor proiektua bere amaierara gerturatzen ari den honetan, azken formakuntza zikloa prestatu dugu otsailaren 6tik 17ra (ordutegi malguarekin). Energia, kontsumoa, pobrezia energetikoa edota energia komunitateen ikuspegi sozialaren inguruan interesa duen edonork hartu dezake parte eta dohainik da. Informazio gehiago aurkituko duzue web orri honetan eta izena hemen eman dezakezue. Animatu eta parte hartu!
Azken asteotan, ugari izan dira kooperatibari buruzko artikuluak prentsan. Oihartzun handia izan du, adibidez, Erika Martinez Lizarraga Goienerreko presidenteari Hordago agerkariak egindako elkarrizketak. Horretaz gain, urte berriarekin batera, hara eta hona ibiliko garenez hitzaldiak ematen, gure agendan aurkituko duzue informazio guztia.
Gure aldetik besterik ez. Osasunez ekin urte berriari, eta datorren hilabetera arte.
Zaindu.