Zu ere inauteri-giroan murgilduta, Euskal Herriko herri eta hiri askotan bezala? Guk ere eutsi nahi diogu ba gure tradizioari, eta lerrotan laburbildu dizugu azken hilabeteak eman duena.
Gure helburuetako bat, proiektua herritar guztienagana helaraztea denez, pozez gainezka gaude Arrasateko bulegoak egun gutxi barru irekiko dituelako ateak. Horri esker, Debagoieneko bazkide eta herritarrei gertuko arreta zerbitzua eskaintzeko moduan izango gara. Eman izena bulegoaren inauguraziora etortzeko eta bisitatu gaitzazu!
Laster argia ikusiko duen beste ekimen bat, autokontsumoko soberakinak konpentsatzeko Diru-zorroarena da. Goienerren hilabeteak daramatzagu lanean, bazkideengan autokontsumoa sustatu eta fakturetan deskontuak aplikatzeko modua garatzeko. Gure asmoa da, Diru-zorroa martxan egotea 2023ko bigarren hiruhilekotik aurrera.
Esku-artean ditugun ekimenez gain, sorkuntza proiektuen inguruko hausnarketa sakonean murgilduta dago kooperatiba. Goienerren zer energia nahi dugun erabakitzeko, boluntarioen lantalde topaketa egin genuen Gasteizen, urtarrila amaieran. Bertan definitu genituen energia sortzeko aukerak, eta baita kontuan hartu beharreko irizpideak ere.
Energia sortzeaz gain, gutxiago kontsumitu eta efizienteagoak izatea dugu erronka. Hargatik, Goienerrek parte hartzen duen Why proiektu europarrarekin batera, galdetegi hau betetzea eskatu nahi dizuegu, Gasaren Doitzeko Mekanismoak Goienerreko bazkideen ohituretan izan duen eragina aztertzeko.
Bestalde, gogoan izan Goienerrek etxeko energia egoera aztertzeko doako zerbitzua jarri duela herritarren eskura, pobrezia energetikoa sufritzen dutenen egoera hobetzeko asmoz. Powerpoor proiektuaren baitako aholkularitza zerbitzua eskatzeko, esteka honetan duzu informazio guztia.
Azkenaldian, hedabideetan ere izan du oihartzuna Goienerren lanak; El saltoko Economía cabreada saioaren atal berrian, adibidez, luze eta zabal aritu ginen egungo alternatiba kooperatiboez hizketan.
Horretaz gain, ez ahaztu sare sozialetan ere izan dezakezuela Goienerren berri, Facebook, Twitter, Linkedin, Youtube eta Mastodon bidez.
Udaberriarekin batera, martxoan itzuliko da GoienerBerri.
Zaindu.